Sahel
(Arab. Sahil, “ertza”). Afrikako erdi-iparraldeko lurralde lehorra, Ozeano Atlantikotik Itsaso Gorriraino hedatzen dena. Sahara basamortuaren hegoaldeko muga osatzen du, eta lurralde hauek hartzen ditu: Senegalgo iparraldea, Mauritaniako hegoaldea, Niger ibaiaren itzuli handia Malin, Burkina Faso, Niger-ko hegoaldea, Txad-eko hego-erdialdea eta Sudan. Klima beroa eta lehorra da, basamortukoaren eta tropikalaren artekoa, eta euri aro laburrekoa (batez beste, iparraldeko 200 mm-en eta hegoaldeko 600 mm-en artean). Lurralde laua da –erg-ak, behe-ordokiei atxikitako dunak eta zelaiak–, 500 m gutxitan gainditzen dituena. Estepa lurraldea da eta landarediak basamortuko moten ezaugarriak ditu; zuhaixkek eta gramineo iraunkorrek eremu handiak hartzen dituzte, eta zuhaitz arantzadunak (akaziak) han hemen barreiaturik agertzen dira. Gameluen, behi aziendaren eta ardien bazkalekua da. Hegoaldean, hezeagoa baita, akazia eta palmondo baso gehiago dago, eta baobab-a ere bertan hazten da; hegoaldean, halaber, artatxikia, sorgoa eta kakahuetea egiten dira, baita arroza eta kotoia ere Niger eta Senegal ibaien uholdeak baliatuz. Sahel-go oreka ahula askotan hautsia gertatzen da aldian behin izaten diren lehorteen ondorioz; hala, XX. mendean lehorte gogorrak izan dira 1910-1916, 1930-1931, 1940-1942, 1947-1949 eta batez ere 1968-1988 aldietan. Azken urteotako lehortea mendeko luzeena eta gogorrena izan da, eta haren ondorio sozio-ekonomikoak izugarriak izan dira: 1970eko hamarkadako lehen urteetan ia erabat galdu ziren uztak eta behi aziendaren % 50-70 desagertu zen. Aldi osoa (1968-1988) kontuan hartzera, zazpi urtetan besterik ez dute nahiko uzta bildu, denbora bitarte horretan bikoiztu den biztanleriarentzat inola ere aski ez dena. Aldi berean, nazioen arteko mugek larre aldaketa galarazi dute eta, ondorioz, zenbait aldetako alalekuek gehiegizko esplotazioa jasaten dute. Guzti horien ondorio nabarmenetariko bat hirietaranzko emigrazioa da, eta horien hazkuntza gaitza: Dakar-ko biztanleria, esaterako, 1965eko 375.000 biztanleetatik 1985eko 1.5000.000etara pasa zen.