Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

sagarrondo

iz. Fruitutzat sagarrak ematen dituen zuhaitza (Malus sylvestris). Gaur arte aurkitu diren janari-aztarnen arabera (Neolitos garaikoak), sagarra da Europan eta Kaukasoko lurraldeetan janari gisa erabili zen lehen fruitua (sagar-makatza). Asiako erdialdean lehendik ezagutzen zen sagarra, baina K.a. 2000. urte inguruan zabaldu ziren sagarrondo landuak. Antzinako Malus generoko sagarrondo haren edo haien oineko 10.000 mota (Malus domestica) inguru ezagutzen dira gaur. Sagar mota bakoitzak duen itxuraren, ahogozoaren, heltzen den garaiaren, edo zabaldu zen lekuaren arabera, izen asko eta oso desberdinak hartu izan ditu euskaraz: udare edo madari-sagarra, urdin-sagarra, San Juan-sagarra, San Ignazio-sagarra, Santio-sagarra, Errezil-sagarra, Azpeiti-sagarra, ibarbi-sagarra, gazi-handia, mandaka, geza-zuria, garratxa, errege-sagarra, golden sagarra, besteak beste. Lehen ezagutzen ziren zenbait mota ez dira inon aurkitzen eta beste batzuk, berriz, desagertzeko arriskuan daude. v Sagar edo sagarrondo makatza (Malus silvester). Txori-sagar, sagarmin eta beste zenbait izenez ere ezagutzen da. Enbor labur samarra, adaburu zabal adartsua eta fruitu biribil berde horixka duen zuhaitz edo zuhaixka, 5-10 m luzea. Berez Europakoa da, baina ez da oso zabaldua. Ezagutzen diren sagar-mota askoren txertu-oinetarako erabili izan da. v Txinako sagarrondoa (Malus spectabilis). Sagar-makatzaren kidea, lore asko eta kolorez gorri zurixkak dituena eta lorategietan eta parketan apaingarri gisa landatzen dena. v Japoniako sagarra (Malus floribunda). Lore-hostoen ertza gorria eta erdia zuria duena. Apaingarri gisa erabiltzen den sagarrondoetan lore gehien dituena. Gereziaren neurritsuko aleak izaten ditu.