Sagarna, Andoni
Gipuzkoar idazlea (Donostia, 1947). Industria Ingeniaritzako ikasketak egin zituen eta Letretako doktoradutza. 1970ean, Soziologiaren Hastapenak lana idatzi zuen. Elhuyar Kultur Elkarteko sortzaileetariko bat izan zen (1972), eta elkarteko lehendakari da 1985. urteaz geroztik. 1981etik aurrera, UZEIn, terminologia eta hiztegigintza alorrean aritu da lanean, eta zuzendari teknikoa izan da. Zientzia eta teknikari buruzko hainbat artikulu eta liburu idatzi ditu, besteak beste: Soinuaren fisika (1975), Fotometriaren oinarriak (1976), Fisika hiztegia (1980), Teknologia elektrikoa (1981). Sagarnarenak dira, halaber: Euskara XVIII. mendean (1984), Elhuyar eta UZEI: euskara laneko hizkuntza bihurtu nahian (1984), Terminologiaren teoria orokorra (1985). Euskaltzain urgazlea da eta Eusko Jaurlaritzako Euskararen Aholku-Batzordeko kide izan da.