Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Roselló

Frantziako hego-ekialdeko eskualdea, Languedoc-eko zabalditik hegoaldera Pirinio mendietaraino hedatzen dena eta Pyrénées-Orientales departamenduaren parte dena (ik. Pyrénées-Orientales). Rosellóko eskualdea Kataluniako lurraldea izan zen 1659 arte; urte hartan Frantziaren mendera igaro eta frantses probintzia bilakatu zen. Antzinako probintzia hura gaur egungo eskualdea baino handiago zen; Pyrénées-Orientales departamendu osoaren hedadura zuen gutxi gorabehera. v Têt eta Tech ibaien zabaldiak hartzen ditu, eta Corbières eta Alberes mendiek Languedoc-etik bereizten dute iparraldetik; hegoaldetik, berriz, ekialdeko Pirineoetara iristen da. Languedoc-Roselló eskualdea osatzen du Languedoc-arekin batera. Nekazaritza, merkataritza eta turismoa dira ekonomia jarduera nagusiak. Harreman estuak ditu Kataluniarekin, hizkuntzaren eta kulturaren bidez, batez ere. v Historia. Badirudi Paleolitos Aroan jendea bizi izan zela eskualde horretan, baina, hala ere, aurkitu diren aztarna garbienak Neolitos kulturakoak dira, K.a. 3000. urte ingurukoak, alegia. Gero, Brontze Aroan (K.a. VIII. mende inguruan), hainbat herri igaro ziren eskualde horretatik hegoalderantz. Burdin Aroan, zelta herriak igaro ziren beren aziendekin eta haiek burdinazko tresnak ekarri zituzten. Aldi berean, K.a. VI. mendean, lehen herriak (oppidum) eraiki ziren itsasertzean. K.a. VI. mendetik aurrera greziarrekin harremanak izan zituzten herri haiek. K.a. III. mendean galiarren mende egon zen lurraldea eta, K.a. 121. urtean, erromatarrek konkistatu zuten; horiek hainbat kolonia edo hiri eraiki zituzten. Bisigodoen garaian (V-VII. mendeetan) lursailak aristokrazia eta aitonen semeen artean banatu ziren, eta kristautasuna zabaltzen hasi zen. 720an musulmanek konkistatu zuten lurraldea eta, 752an, frankoen mende geratu zen. Karolingiarren garaian, kondeek gobernatu zuten lurraldea, eta “Hispaniako Marka”-ren barruan egon zen. Karolingiar inperioa galdu zenean (IX. mendearen bukaeran), konderri burujabe bilakatu zen. 1172an, Guinard II.a kondea hil zenean, Bartzelonako konde eta Aragoiko errege-erreginek Alfontso Garbiaren eskura igaro zen Rosellóko konderria. Aragoiko erregeek hiriak indartu eta merkataritza bultzatu zuten; hala, Perpinyàko hiriak indar handia hartu zuen eta Rosellóko hiriburu egin zuten. Frantzia ere Rosellóko konderria eskuratu nahian zebilen bere aldetik, baina Luis IX.ak Corbeilgo hitzarmena izenpetzean, uko egin zion asmo hari. Jaime I.a hil zenean, Mallorcako erreinua sortu zen eta haren barruan geratu zen Rosellóko konderria; Perpinyàko hiria izan zen erreinu berriaren gortearen egoitza eta merkataritzagunerik nagusia. 1344. urtean, ordea, Pedro Zeremoniatsuak Mallorcako erreinua konkistatu zuen, eta Rosellóko konderria Kataluniako lurralde bilakatu zen atzera. XII. eta XIII. mendeetan, ekonomiak gorakada handia izan zuen, ehungintzari eta merkataritzari esker; XIII. mendean, ordea, krisialdiak eta izurriteak lur jota utzi zuten Rosellóko konderria. 1463an, Frantzia, Kataluniako Gerra Zibila bere probetxurako erabiliz, konderriaz jabetu zen. Hala ere, 1493an, Aragoiko erreinuaren mende geratu zen berriro lurraldea Kataluniako Hitzarmenaren bitartez; baina harrezkero ez zuen berriz lortu garai batean izandako autonomia, ez politikan ez ekonomian. XVI. eta XVII. mendeetan, izurriteen ondorioz, biztanleriak behera egin zuen eta frantziar asko sartu zen Rosellóra. 1640an gudaroste frantsesak Kataluniara sartu ziren, Gaztelaren kontrako borrokan kataluniarrei laguntzera; gerra amaitu zenean, ordea, Roselló beretu zuten eta Pirineoetako Hitzarmenaren bidez (1659) Frantziaren nagusitasuna bermaturik geratu zen. Frantziak Rosellóren burujabetasuna galarazi eta politika zentralista ezarri zuen. 1789ko Iraultzaren ondoren, Rosellóko lurraldea Pyrénées-Orientales departamenduan sartu zuten. Dena dela, katalanen eraginak bizirik iraun du Rosellón eta Bigarren Mundu Gerran, Nostra terra taldea eratu zen, Kataluniako kultura piztea helburu zuena. 1960etik aurrera, kultura talde berriak (Germanor eta Grup rossellonés d’estudis catalans) eta alderdi politiko kataluniazaleak sortu dira.