Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Romano

Bizantzioko lau enperadoreren izena. v Romano I.a Lekapeno. Bizantziar enperadorea 920-944 urteetan (? - Proti, 944). Armeniarra zen jatorriz eta Alexandroren itsas armadako drongario eta komandante zen hura hil zenean (913). Konstantino VII.a adin txikikoa zela baliatuz, bere alaba Elenarekin ezkontarazi zuen eta Zesar izendatu zuen bere burua. Jabe handien lapurretak zigortu zituen, musulmanen aurkako erasoak gidatu zituen Asian, bakea izenpetu zuen bulgariarrekin eta errusiarren aurka borrokatu zen Konstantinoplan. Bere semeek egotzi zuten aginpidetik 944an, eta Proti-ko uhartera erbesteratu behar izan zuen. v Romano II.a. Bizantziar enperadorea 959-963 urteetan, Konstantino VII.aren eta Elena Lekapenoren semea (939-963). Bere emazte Teofano-ren eta Bringas eunukoaren esku utzi zuen aginpidea. Enperadorearen agintaldian musulmanen mende zegoen Kreta-ko uhartea konkistatu zuen Nizeforo Fokas-ek.  v  Romano III.a Argiro. Bizantziar enperadorea 1028-1034 urteetan (970-1034). Konstantino VIII.ak bere alaba Zoe-rekin ezkontarazi zuen eta hala, enperadore bihurtu zen. Esperientzia gutxikoa zen bai politikan bai gai militarretan eta garaitu egin zuten Sirian 1030. urtean. Biztanleak bere alde jartzen saiatu zen eta zergak murriztu zituen. Emazteak aginduta bihurtu zioten lepoa eta haren maitale zen Migel IV.a izan zen hurrengo erregea. v Romano IV.a Diogenes. Bizantziar enperadorea 1068-1071 urteetan (1068 - 1071). Kapadoziako familia noble bateko semea zen eta arrakasta handiko jenerala izan zen. Konstantino X.a hil zenean Eudoxia erreginarekin ezkondu zen eta enperadore bihurtu. Alderdi zibilari aurre egin behar izan zion, eta Asian, garaipen batzuk lortu ondoren, Androniko Dukas-ek traizio egin zion Mantzikert-en (Malazgirt) eta turkiarrek atxilotu zuten (1071). Aske geratu zenean Konstantinoplara itzuli zen eta aginpideaz jabetu zen.