Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

romani

(Eusk. «etxekoa»). iz. Ijitoen berezko hizkuntza, jatorriz Indiako hizkuntza ariarren familiakoa. Gaur egun Europako ekialdean erabiltzen da batez ere, eta ez du inolako ofizialtasunik erdietsi inon ere. Romani hizkuntza Indiako iparraldeko hizkuntza ariarren ahaidea da, sanskritoaren ondorengoa, eta K.o. 1000. urte aldera eraman zuen handik Europa aldera ijito herriak bere Europa alderako migrazio luzean. Europan hamahiru romani molde desberdin bereizi dira; morfo-sintaxiaren alorrean elkarren artean halako aldakuntza nabaririk ez duten arren, alde handiak dira hiztegian, tokian tokiko mailegu ugari hartu baitute ijitoek beren etengabeko migrazioetan. Romani hizkuntzaz idatziriko literaturarik ez den arren, ahozko tradizioa aberatsa da oso. Ijitoak eleanitzak izan dira oraintsu arte; berezko hizkuntzaz gainera, bizi ziren lurreko hizkuntza ere ikasten zuten eta haien nahastetik sorturiko mintzaira ere erabili dute argot edo hizkuntza sekretu gisa, Erdi Aroko mendeetatik gaurko egunak arte. Gaur gero eta ijito elebakar gehiago dago, askok galdu baitute berezko hizkuntza, bizi diren lurraldeko hizkuntza ofizial nagusiaren poderioz. XX. mendearen hasieran Euskal Herrian bizi ziren ijito gehienak, ordea, euskaraz mintzo ziren. Gaur egun, ordea, Euskal Herriko ijito gehienak gaztelaniaz mintzo dira batez ere.