Robbe-Grillet, Alain
Frantses idazlea eta zinema zuzendaria (Brest, 1922). Nouveau Roman («Nobela berria») literatura mugimenduaren aitzindari eta teorigile nagusia izan zen. Nekazari ingeniaritzako ikasketak egin zituen, baina 1950. urtetik aurrera literaturan murgildu zen. 1963an idatzi zuen Pour un nouveau roman (Nobela berri baten alde) obran azaldu zuen bezala, “eleberria gauzakien, keinuen eta egoeren arteko loturari dagokio soilik, eta saihestu egin behar da ekintzei edo pertsonaiei buruzko iruzkin psikologiko eta ideologiko oro”. Objektibotasunak eta gauzakiaren behaketak kezkatu dute Robbe-Grillet hasieratik: objektuen deskripzio xehea eta psikologiarik gabeko jokabideen deskripzioa egiten zuen lehen obratik, (1953, Les Gommes), eta objektibotasunaren bilaketa hura obsesio bihurtu zitzaion hurrengo obretan: Le Voyeur (1955), La Jalousie (1957, Leiho-sarea edo Jelosia). Dans le labyrenthe (1959, Laberintoan). Robbe-Grillet-ek zinemara eraman zituen teknika horiek, L’Année dernière à Marienbad Alain Resnais-ek filmaturiko lanean bereziki (1961, Azken urtea Marienbad-en). Zortzi film luze idatzi eta zuzendu zituen. Eleberri ugari idatzi du teoria liburu nagusiaren ondoren eta autobiografia bat argitaratu du 1985ean, Le Miroir qui revient (Itzultzen den ispilua).