Rivas, Manuel
Galiziar idazle eta kazetaria (Coruña, 1957). Kazetaritza ikasketak egin zituen eta zenbait hedabidetan lan egin zuen: El Ideal Gallego egunkarian, Galiziako Telebistan, eta Diario de Galicia egunkarian. El Globo aldizkariaren zuendariorde izan zen, eta egun La Voz de Galicia eta El País egunkarietarako idazten du. Poesia, eleberriak eta saiakerak idatzi ditu, eta kritikari askoren ustez Galiziako literaturaren iraultzaile izan da. 1980an bere lehen eleberria argitaratu zuen: Libro de Entroido. Gero Todo ben (1985), Un millón de vacas (1990) etorri ziren. Azkeneko horretatik ale asko saldu zituen, eta 1990eko Kritikaren Saria irabazteko balio izan zion. 1993an Os comedores de patatas argitaratu zuen, eta hurrengo urtean En salvaje compañía (1995eko Kritikaren Saria), eta ¿Que me queres, amor? kontakizun bilduma (Gonzalo Torrente Ballester saria, eta Narratibako Sari Nazionala). Poeta gisa, aipagarriak ditu Balada nas praias do oeste (1985), Mohicania, eta Ningún cisne. Saiakeren artean, berriz, Galicia, el bonsai atlántico (1990) eta El sentido de la historia en el futuro. 1998ko ekainean O lapis do carpinteiro aurkeztu zuen, ipuin gisako eleberri laburra. Gerra zibileko urteetan gertatutako maitasun historia bat da, frankismoaren biktimak omentzeko baliatu zuena. Beste lan aipagarri batzuk: El viaje a Pantaélica: De Humor, destrucción e saudade no reino de Galicia; Lisboa, faca no coracao; Biografía de Federico García Lorca para jóvenes. Manuel Rivas, bestalde, Greenpeace erakundeko bazkide sortzailea da, eta zuzendaritza batzordeko kidea.