Riu Riu, Manuel
Katalan historialaria (Manresa, Bartzelona, 1929). Iberiar Penintsulako Erdi Aroko historiaren ikertzaile nagusietako bat. Filosofia eta letretako ikasketak egin zituen, Bartzelonan. Irakasle laguntzaile izan zen bertan, harik eta 1996an, katedra lortuta, Granadako Unibertsitatera joan zen arte. Aurrerago, Bartzelonako Unibertsitatera aldatu zen, ostera, eta Erdi Aroko historiako eta paleografiako sailaren zuzendari izan zen 1983tik 1994ra. 1978an Madrileko Historiaren Akademiako kide hautatu zuten, eta 1983an Bartzelonako Letra Onen Akademiakoa. Halaber, Institut d'Estudis Catalanseko kide da. 1980. urteaz geroztik Quaderns d'Estudis Medievals aldizkariaren zuzendari da, eta Acta historia et archeologica Medievalia aldizkariaren zuzendarikide. 1966tik aurrera zenbait ikerkuntza programa gidatu ditu, Andaluziako eta Kataluniako Erdi Aroko arkeologiari buruzkoak. Lanik aipagarrienak: Lecciones de Historia Medieval (1972, Erdi Aroko historiako irakaspenak); Textos comentados de época medieval (siglos V-XII) (1975, Erdi Aroko testu ¡ruzkinduak [V-XII. mendeak]); La pobreza y la asistencia de los pobres en la Cataluña medieval (1982, Erdi Aroko Kataluniako pobrezia eta pobreen laguntza); Edad Media (711-1500) (1989, Erdi Aroa [711-1500]).