Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Ristic, Jovan

Serbiar politikaria (Kragujevac, 1831 - Belgrad, 1899). Frantzian eta Alemanian egin zituen ikasketak eta Mikhail Obrenovic printzearen ordezkari izan zen Konstantinoplan 1861-1867 urteetan. Milan Obrenovic bigarren printzeorde izendatu zuten 1868an, eta konstituzio berria prestatu zuen 1869-1872 bitartean, printzea adin nagusira heldu bitartean. 1872an Lehen ministro eta kanpo arazoetarako arduradun nagusi izendatu zuten; haren ekinaz bihurtu zen Serbia hegoaldeko estatu eslaviarren buru. 1876-1878 urteetan Serbiaren independentzia osoa eskuratu zuen turkiarrengandik, baina ekonomian ez zuen horrelakorik lortu, Austria-Hungariarekin ondoren izenpetu behar izan zuen hitzarmenaren arabera (1881). 1889an itzuli zen aginpidera, erregeorde gisa, Milan Obrenovic-ek erregetza utzi ondoren, eta Errusiarekiko aliantzen alde jokatu zuen beti aurrerantzean. 1893an utzi zuen politika.