Richter, Hans
Alemaniar pintore eta zinemagilea (Berlin, 1888 - Locarno, 1976). Der Blaue Reiter talde espresionistako kide izan zen. 1916an Zurich-eko dada taldearekin ibili zen, eta surrealismoa ezagutu zuen. Margolanetan abstrakzioaren joera lirikoa landu zuen. Zinemaren alorrean, abangoardiako zinemaren aitzindarietakoa izan zen. Zinemak ohi zituen teknikak baztertu eta bide berritzaileetatik jo zuen film abstraktuak egiteko. 1920tik aurrera Rhytmus 21, 23 eta 25 eta 1928an Vormittasgspuk (Goizeko mamuak) film laburrak egin zituen. 1941ean Estatu Batuetara erbesteratu zen eta zinema irakaslea izan zen. 1944-1947 urteetan zinema surrealistako film nagusietako bat egin zuen Ernst, Ray, Calder, Léger eta Duchamp-ekin batera, Dreams That Money Can Buy (Diruz eros daitezkeen ametsak) film luzea. Beste filmak: 8 X 8, Dadascope.