Reshevsky, Sammy
Estatubatuar xake jokalaria, jatorriz poloniarra (Ozorkow, 1911 - Syffern, New York, 1992). Jokalari nekaezina eta estratega bikaina; Estatu Batuetako txapelduna askotan (1936, 1938, 1940, 1942, 1946, 1969, 1971); aurkari gogorrenak menderatu ditu, are munduko txapeldunak ere, baina ez du inoiz lortu munduko txapeldun izatea. Sei urte besterik ez zituela, Europa osoan barrena ibili zen bere dohainak erakusten, eta 9 urterekin master maila lortu zuen. Harrigarrizko partidak egin zituen, 75 aurkariren kontra aldi berean jokatu eta irabaziz. 1920an Estatu Batuetara emigratu zuen gurasoekin. Estatu Batuetako jokalari onenekin lehiatu zen eta xake arazo konplexuak soluzionatu zituen, baina halako batean haurren ongi izaterako begiraleek profesional gisa jokatzea debekatu zioten. Aurrerago, kontularitza ikasketak egin ondoren, xakean jokatzen hasi zen berriro. Nahiz eta munduko jokalari onenak ere mendean hartu zituen –José R. Capablanca (1935ean), Mikhail Botvinnik (1955ean), Fischer (1961)– ez zuen sekula lortu munduko txapeldun izatea; aditu batzuen arabera bere karrera eten izanagatik, jokoan beti berdin hasteagatik eta presaz jokatzeko atxikimenduagatik. 1984an, 72 urte zituela, Reykjavikeko Nazioarteko Txapelketa irabazi zuen. Xake jokoari buruzko bi liburu idatzi ditu: Reshevsky on Chess (1948, Reshevsky xakean) eta How Chess Games Are Won (1962, Nola irabazten diren xake jokoak).