Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Reims

Frantziako ipar-ekialdeko suprefetura hiria eta ibai portua, Marne-ko departamenduan, Champagne-Ardenneko eskualdean, Parisko hiriaren ipar-ekialdean, Vesle ibaiaren eta Marne-Aisne ubidearen ertzean. 183.610 biztanle. 1547. urtean sortutako unibertsitatea. Errepidegune garrantzitsua. Industria (ardogintza, kimika industria, ehungintza, tresneria mekaniko eta elektrikoak, burdinbide gaiak, nekazaritzarako makineria, larrugintza, doitasun tresneria, janari industria, papergintza, altzairugintza, automobilgintza) da ekonomia jarduera nagusia. Oso ospetsua da bertako ardoa. Arteari dagokionez, aipagarriak dira erromatarren garaiko Marteko Atea eta anfiteatroa, XI-XII. mendeetako Saint-Remi eliza edo basilika, XIII. mendeko Jakue santuaren eliza, XIII. mendeko Notre-Dame katedral gotikoa eta XVIII. mendeko Saint-Denis abatetxean egokitutako Arte Ederretako museoa.  v  Historia. Remi edo remo herri galiarreko hiriburua zen eta Durocortorum izena zuen erromatarren garaian. Galia Belgika probintziako hiri nagusia izan zen. Apezpiku egoitza zen III. menderako eta Remigio Aita Santuak bertan bataiatu zuen Clovis errege frankoa 496an. Harrezkero Reims-en bataiatu ziren Frantziako erregeak. 1548an sortu zuten unibertsitatea. 1814an Napoleonek aliatuak egotzi zituen hiritik. Lehen eta Bigarren Mundu Gerretan kalte handiak izan ziren bonbardaketen ondorioz. Reims-eko hirian izenpetu zen 1945ean Alemaniaren errendizioa.