Reich, Wilhelm
Austriar psikiatra eta psikoanalista (Dobrzcynica, Galitzia, 1897 - Lewisburg-eko espetxean, Pennsylvania, 1957). Psikoanalisia langile iraultzaren ildora bideratzen saiatu zen eta sexu etika goitik behera aldatzea proposatzen zuen. Freud-en ikasle eta, 1920. urtetik aurrera, Vienako Psikoanalisi Elkarteko kide izan zen. Komunista zen; Austriako alderdi sozial-demokratako kide egin zen 1927an eta hiru urte geroago Berlinen bizilekua harturik, Alemaniako alderdi komunistakoa. 1927an Orgasmoaren funtzioa liburua idatzi zuen; liburu horretan giza osasunaren funtsezko osagarritzat aurkeztu zuen orgasmoa eta sexu askapenaren beharra azpimarratu zuen. Alderdi komunistak, Reich-en aholkuei jarraituz, langileriaren sexu politika bideratzeko elkartea (Sexpol) sortu eta zuzendu zuen Alemanian. 1929an Materialismo dialektikoa eta psikoanalisia lana idatzi zuen, marxismoaren eta psikoanalisiaren arteko sintesia egiteko asmoz. Reich arian-arian urrunduz joan zen Freud-en teorietatik: guztiz zalantzan jarri zuen Ediporen konplexuaren unibertsaltasuna eta eduki politiko argi bat eman zien bere teoriei. Reich-en arabera guztiz garrantzitsuak dira familia tradizionala eta haurtzaroko eta gaztaroko sexu zapalkuntza gizarte kontserbadorea mantentzeko. Ikuspegi horren inguruan eman zituen hurrengo lanak: Gazteen sexu borroka (1932), Izaeraren azterketa (1933), Sexualitatea kultura borrokan (1933), Faxismoaren masa psikologia (1933). 1933an Alemania utzi behar izan zuen, naziek aginpidea hartu zutenean, eta Eskandinavia aldera jo zuen lehenik. 1934an nazioarteko psikoanalisi elkartetik kanpo utzi zuten, bere ideiengatik, eta alderdi komunistatik egotzi zuten estalinismoari eginiko kritikengatik. 1939an Estatu Batuetara joan zen eta itxura berri bat eman zion bere obrari. Kosmogonian oinarrituriko erlijio sistema bat irudikatu zuen, eta aurkitu bide zuen biologia indar berri batez eritasun guztiak sendatzeko gai zela adierazi zuen. Arazoak izan zituen legetik kanpoko medikuntzan aritzeagatik, eta merkatuan jarri zituen orgone edo energia kosmikoz hornituriko sendagaiak debekatu zituzten. Auzitara eraman zuten eta, azkenean, bi urteko kartzela zigorra ezarri zioten epaileak iraintzeagatik. Lewisburg-eko espetxean hil zen enbolia batek jota. Bere obra guztia eraberritu zuen Estatu Batuetan: Adi, gizon txiki (1951-1952); Kristoren hilketa (1952-1953).