Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Rei, Pepe

Euskal Herrian errotutako galiziar kazetaria. Donostiako La Voz de Euskadi egunkarian aritu ondoren, Egin egunkariko ikerketa taldeko buru izan zen, harik eta Garzón epailearen aginduz egunkari hura 1998ko uztailean itxi zuten arte. Espainiar justiziarekin arazo ugari izan ditu Pepe Reik Egin egunkariak argitaratutako artikuluen zein bere liburuen kontura. 1997an, esaterako, deklaratzera deitu zuten ETArekin kolaboratzeaz akusatuta. Epaitegiak, azkenean, absolbitu egin zuen. 1998an Egin itxi zutenean Pepe Reiren ordenagailuan aurkitutako hainbat dokumentutan oinarrituta, berriz auziperatu eta kartzelaratu zuen Garzón epaileak 1999. urteko martxoan, eta 15 milioiko fiantza ordainduta irten zen kartzelatik egun batzuk geroago. 2000. urteko otsailean aldizkari berri bat aurkeztu zuen Pepe Reik, berak zuzenduriko Ardi Beltza. Aldizkari horren ale batekin batera banatu zen bideo baten edukia zela-eta –hainbat kazetariren portaera salatzen zen bideo horretan–, berriro deitu zuen deklaratzea Garzón epaileak. Ardi Beltza aldizkariaren bidez ETArekiko lankidetzari eusten ziola arbuiatuz, Pepe Reiren aurkako kartzelaratze agindua eman zuen 2001. urteko urtarrilean, eta urte bereko apirilean aldizkaria itxi zuen. Eginen lehenik eta Ardi Beltzan ondoren eginiko lanaz gain, liburu ugari argitaratu ditu Pepe Reik: Carabanchel, El jesuíta eta La cloaca vasca: de las razones de Estado a los sumideros de Euskadi 1995ean; Intxaurrondo, la trama verde eta La red Galindo 1996an; Colegas eta Egin investigación: otra forma de periodismo 1998an, eta Garzón: la otra cara 1999an.