Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

radar

iz. Oso maiztasun handiko uhinen bidez gauzaki baten norabidea, lastertasuna eta distantzia zehazten dituen sistema edo tresna. Ingelesezko Radio Detection And Ranging (irrati uhinen bidezko atzematea eta uhinen eremua) esapidearen laburpenetik datorkio izena. Radar sistemak uhin elektromagnetikoek dituzten tasunetan oinarritzen dira; horiek nahiko eroamen elektriko duen oztopo batekin topo egitean islatzen dira eta antena batek jasotzen ditu islatutako uhin elektromagnetikoak. Objektua zein distantziatara dagoen uhina igorri eta berriro jaso arte pasatzen den denboraren arabera mugatzen da; Doppler efektuaren ondorioz gertatzen den maiztasun aldaketak objektuaren lastertasuna zehazten du. Uhinek arakatzen duten eremuaren irudia pantaila batean ikusten da. Marconi izan zen irrati uhinen islatzeari buruz lehen aldiz teoria bat agertu zuena, 1922an. Geroago, Pierre David-ek Marconi-ren ideiaz baliatuz hegan zihoan hegazkin bat atzematea lortu zuen. 1939-1941 bitartean Estatu Batuetako zenbait itsasontzitan radarrak jartzen hasi ziren. Geroztik Frantzian, Alemanian eta, batez ere, Ingalaterran aurreramendu handiak egin ziren radarretan.