Quillen, Daniel Grey
Estatubatuar matematikaria (Orange, New Jersey, 1940). Harvardeko Unibertsitatean ikasi zuen eta ikasketak jarraitu zituen R. Botten zuzendaritzapean. Tesia, ekuazio partzial diferentzialei buruzkoa, 1964an aurkeztu zuen. Doktoregoa bukatu ondoren, Massachusettseko Teknologiako Institutuan lanean hasi zen. Hurrengo urteetan unibertsitate ugaritan aritu zen ikerketa lanean. Parisen, 1968-1969 bitartean, eta Princetonen, Grothendieck eta Atiyah matematikarien lana ezagutu zuen, eta haien ildotik jarraitu zuen ikerlanean. Gaur egun, Oxfordeko Unibertsitatean dihardu, Ingalaterran. Ekarpen garrantzitsuenak aljebraren arloan egin ditu Quillenek. Frank Adamsek adierazitako konjetura aztertu zuen aljebra geometrikoa eta taldeen teoria erabiliz, eta bi metodo horiek konjetura frogatzeko balio zutela ikusi zuen. 1978ko Helsinkiko Nazioarteko Matematikarien Kongresuan Fields domina jaso zuen, K-teoriaren asmatzaileetako bat izateagatik. Teoria hori, metodo topologiko eta geometrikoak erabiltzen dituena, oso baliagarria izan da aljebrako problema ugari ebazteko, bereziki eraztunen teorian eta moduluen teorian.