Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Proventza

Frantziako lurraldea, antzina probintzia izan zena. Mugak: iparraldean Ventoux mendia, Lure-ko mendiak eta Durance ibaiaren goialdea; ekialdean, Italia; hegoaldean, Mediterraneo itsasoa eta Rodano ibaiaren behealdea. Provence-Alpes-Côte d’Azur administrazio barrutia osatzen du. Mediterraneoko klima du; udak oso lehorrak dira.  v  Historia. Greziarrek kolonizatu ondoren, K.a. 122. urtean lehen erromatar guneak kokatu ziren. Geroago bisigodoek, burgundiarrek, frankoek, eta ostrogodoek konkistatu zuten, eta 536. urtean frankoen esku geratu zen berriz ere. XII. mendearen hasieran Bartzelonako kondeen jaurerriaren mende egon zen, eta Ramon Berenguerren garaian (1209-45), Inozentzio III.a aita santuak albitarren aurka bultzatutako gurutzada odoltsuak astindu zuen lurraldea. Ondoren, Proventzak burujabetasun osoa galdu zuen eta Anjoutarren mende egon zen, eta mende eta erdiz Napoliko erresumarekin bat egin zuen. Italiarekiko harremanak sendotu egin ziren aita santuen egoitza Avignonera aldatu zenean (1309-77), baina 1841ean, Karlos III.a Anjouko azken kondea hil zenean, Proventza Frantziaren esku geratu zen. 1789. urteko Iraultzarekin, Proventza departamendutan banatu zen eta burujabetasun osoa galdu zuen.