Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Provence-Alpes-Côte d’Azur

Frantziako hego-ekialdeko administrazio barrutia, Mediterraneo itsasoaren ondoan, Italiaren eta Monacoren mugan. 31.400 km2 eta 4.115.400 biztanle. Sei departamenduk osatzen dute lurraldea: Alpes-de-Haute-Provence, Alpe Garaiak, Itsas Alpeak, Bouches-du-Rhône, Var eta Vaucluse. Hiriburua, Marseilla. Hiri nagusiak: Niza, Toulon, Cannes eta Aix-en-Provence. Alpe mendialdearen hegoaldeko mendiek hartzen dute Provence-Alpes-Côte D’Azur lurraldeko parte handiena, eta orografiak behera egiten du hegoaldera jo ahala. Côte d’Azur izena ematen zaio hego-ekialdeko kostaldeari. Comtat, Crau eta Camargueko ordokiak daude mendebalean. Rhône ibaiak, beraren adarrak (Drôme, Ouvèze, Nesque, Coulon, Durance), Argens, Var eta Vesubio ibaiak igarotzen dira handik. Klima Mediterraneokoa da hegoaldean eta ekialdean, eta Alpe aldekoa, berriz, iparraldean. Biztanle gehienak kostaldean eta Rhône ibaiaren ertzetan bizi dira. Hirietan bizi da biztanleen % 80. Ekonomia jarduera nagusiak: nekazaritza (mahatsa, olibondoak, garia, garagarra), industria (petrolio findegiak, industria petrokimikoa, hegazkingintza) eta, batez ere, turismoa.