proteina
iz. Zelularen parte den kimika gaia. Karbonoz, oxigenoz eta nitrogenoz osatuak izaten dira proteinak, baina gehienek sufrea ere izaten dute. Era askotakoak dira. Molekula pisua 6000 banakotik zenbait milioi banakotara alda daiteke. Proteinak peptido makromolekulak direla esaten da halaber, molekulak handiak dituztelako eta aminoazidoak peptido loturaz osatuak izaten dituztelako. Peptido lotura aminoazido baten amino taldearen (NH2) eta beste aminoazido baten talde karboxiloaren (-C00H) arteko lotura da. Aminazidoek era askotako formulak dituzte; gizaki bizidunetan diren proteinetan direnak, formula orokor hau izaten dute: RCH(NH2)COOH, bertan C karbonoa, H hidrogenoa,Nnitrogenoa, O oxigenoa eta R egituraz eta osaeraz aldakorra izaten den talde protesikoa dira. Aminoazidoek sekuentzia berezi bati jarraitzen diote: horri proteinaren sekuentzia primarioa deritzo. Sekuentzia horrek ez du informaziorik ematen espazioan peptido kateek hartzen duten egiturari buruz, kate polipeptidikoan zehar aminoazidoek duten sekuentzia jasotzen baitu soilik. Espazioan bata bestearen jarraian diren polipetidoek izaten duten egitura egitura sekundarioa izenekoan jasotzen da; lineala izan daiteke, baina gehienetan bestelako formak hartzen ditu, nitrogeno eta karbono atomoak ezin baitaitezke lerro zuzen baten gainean lotu, lotura edo elkartze angelua 110°koa dutenez. Hiru dimentsiotan adierazita, proteinek esfera eta kiribil itxura hartzen dute, besteak beste; hala, bata bestearen jarraian ez diren aminoazidoen kokagune erlatiboa kateek duten egitura tertziarioaren bidez aztertzen da. Egitura kuaternarioak, berriz, polipeptido kateez osaturiko egiturak aztertzen ditu. Egitura kuaternario hori erraz aztertzen da hemoglobinan; gizakiaren hemoglobinaren molekula bakoitza lau peptido katez osatua da, eta lau kate horiek hidrogeno loturez loturik egoten dira; beste batzuetan, berriz, lotura kobalenteak izaten dira. Organismo bizidunetan aurkitzen diren proteinek 20 aminoazido klase baizik ez dituzte, ordena jakin batean elkarri lotuak eta maiz errepikatzen direnak. v Proteinen sailkapena. Oro har eta duten formaren arabera, bitan sailkatzen dira proteinak: proteina globularrak eta zuntz-proteinak. Proteina globularrak molekula trinkoak eta esfera itxurakoak izaten dira, gehienetan uretan disolbagarriak. Horien artean garrantzi handikoak dira entzimak, erreakzio biokimikoak katalizatzen dituzten proteinak, alegia. Proteina globularrak dira halaber antigorputzak, proteina garraiatzaileak (hemoglobina esaterako), zenbait gordailuzko proteina (kaseina esnean eta albumina arrautzaren zuringoan, esate baterako) eta baita zenbait hormona ere (intsulina, besteak beste). Zuntz-proteinak maizenik ezin izaten dira uretan disolbatu, eta zuntz itxurako kiribil luzeak edo zapalak eta lauak izaten dira. Halakoak dira keratina eta kolagenoa, esaterako, eta baita aktina eta miosina ere, giharretan dauden zuntz-proteina nagusiak. Proteinak 50°C-ra berotuz edo azido nahiz alkalino gogorren eraginpean jartzen badira, egitura tertziarioa galtzeaz gainera, tasun biologikoak galtzen dituzte. Ezaugarri fisikoen eta proteikoen arabera, berriz, bakunak edo konjokatuak izaten dira. Proteina bakunen osagai bakarra aminoazidoak dira. Konjokatuek, berriz, aminoazidoez gainera, badituzte aminoazidoak ez diren taldeak karbohidratoak, lipidoak, azido nukleikoak, pigmentuak edo bestelako proteinak ez diren molekula zein ioiak. Gai horietako asko bitaminak edo metalak dira; beharrezkoak dira gorputzaren jarduerarako eta janararen bidez jasotzen dira. Hemoglobina da proteina konjokatu ezagunena; lau talde protesiko ditu, metal (burdina) eta pigmentu (porfirina) banaz osaturikoa. v Proteinen sintesia. Gizaki bizidunek kromosometako DNAk duen informazio genetikoaren bidez sortzen edo sintetizatzen dituzte proteinak. Informazio hori RNA mezulariak DNAtik hartu eta zelularen nukleoan grabatzen du. RNA mezulariak kodetua izaten du informazioa; hala, proteina batek duen aminoazidoen sekuentzia jakina RNA mezularian den nukleotidoen sekuentziak finkatzen du. Zelularen zitoplasman erribosometan egiten den itzulpen prozesuaz RNA mezulariak duen informazioa proteinaren aminoazidoen sekuentziara itzultzen da.