prometio
iz. Kim. Lur arraroen taldeko gai bakun solido eta erradioaktiboa (Pm; at.-z. 61; at.-m. 147). 3 du balentzia. 1926an Estatu Batuetako B.S. Hopkins kimikariak aurkitu zuen. Zilar koloreko metal zuria da. Haren pisu espezifikoa 7,2 g/cm3 da eta 1.160 °C-tan urtzen da. Uranioaren fisioan sortzen diren gaietatik ateratzen da, edo metal alkalino baten kloruroaren edo fluoruroaren erredukzioz. Isotopoak ditu; bizitza luzeenekoa Pm145-a da, eta hemezortzi urteko bizia du batez beste. Kopuru txikietan baino ez da bakartu oraingoz. Prometioaren 30 bat konposatu ezagutzen dira. Erabilera praktikorik duen isotopo bakarra Pm147-a da; batez besteko bizia 2,6 urtekoa du, eta hainbat zereginetarako erabiltzen da: espazio ontzietako eguzki-bateriek izaten dituzten erdieroaleen energia-iturri gisa, X izpiak sortzeko, ordularien esferetan luminiszentzia sortzeko, piezen lodierak neurtzeko eta abar. Oso pozoitsua da.