Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

polder

iz. Hormen bidez urari eutsiz, itsasoari edo ibaiei irabazitako lurra, lehortu ondoren, nekazaritzarako prestatzen dena.  v Herbehereetan XI-XII. mendeetan hasi ziren polderrak egiten, ura ateratzeko haize-errotez baliatuta. Gaur egun, indar handiko bonba elektrikoak erabiltzen dituzte horretarako. Polder bat egiteko lehenbizi horma edo harresi bat jasotzen da urari eusteko; gero, sailak lehortzen dira, ura bonben bidez kanporatuz; ondoren, ur geza isurtzen da, lurrari gatza kentzeko, eta, azkenik, ura berriro atera eta lurra lantzeko prestatzen da. Polderra babesteko, gazitasuna ondo jasaten duten landareak landatzen dira, eta, aldi berean, sustrai luzeak dituzten zuhaitzak sartzen, lurra sendotzeko. Herbehereetan polder asko da, lur guztiaren heren bat inguru itsasoari irabazia baita. Polder handiena Zuiderzee-koa da. Herbehereetako ereduari jarraituz, Europako beste toki askotan ere egin dira halakoak: Britainia Handian, Belgikan, Alemanian, Danimarkan eta Frantzian, besteak beste.