Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Pohnpei

edo Ponape. Ozeano Bareko mendebaleko uhartea, Ekialdeko Karolina uharteetan, Mikronesiako Estatu Federatuen administraziopean dagoena. Itsaspeko sumendiek eratutako uhartea da, eta uhartetxo ugarik inguratzen dute. 334 km2 ditu, eta 24.788 biztanle. Hiriburua, Kolonia. Hiri nagusiak: Metalanim eta Ronkiti. Nazioarteko aireportua. Mikronesiako lorategia izenaz ere ezagutzen da, oparoa baita bertako landaredia. Totolom mendia da uharteko gailur garaiena (791 m). Ekonomiari dagokionez, kopra eta kakaoa esportatzen dira, eta garrantzi handia du turismoak. Monumentu ugari daude uhartearen ekialdean, bertan zabaltzen den aintziraren inguruan batez ere. Aipagarriak dira , besteak beste, historiaurreko 92 eraikin, ubideek lotzen dituztenak, eta K.a. 2000. urteko herri eta otoizleku baten hondakinak.