Poincaré, Raymond
Frantses estatugizona (Bar-le-Duc, 1860 - Paris, 1934). Parisko unibertsitatean zuzenbideko ikasketak egin ondoren abokatu lanetan hasi zen 1882an. Diputatu hautatu zuten 1887an eta Hezkuntza ministro sei urte geroago. Finantza ministro izendatu zuten 1894an eta Hezkuntza ministro, berriro ere, urtebete geroago. 1903-1912 urteetan Senatuko kide izan zen eta 1906an gobernura itzuli zen berriro Finantza ministro gisa. 1912an Lehen Ministro hautatu zuten, aldi berean Kanpo Arazoetako ministro ere bazela. Alemaniaren aurkako politika zorrotza bideratu zuen. Alemaniaren erasoaren ondoren, Errusiak Frantziaren laguntza jasoko zuela segurtatu zion Poincaré-k Nikolas II.a tsarrari eta, gerra saihetsezina zela ikusten zuenez, Frantzia inguraturik gera zedin eragotzi nahi izan zuen. 1913an Frantziako Lehendakari hautatu zuten. Lehen Mundu Gerran (1914-1918) Georges Clemenceau Lehen Ministroa izan zuen arerio, baina harekin batean lan egin behar izan zuen Frantziako batasun nazionala gordetzearren. Gerra amaitutakoan lehendakaritza utzi eta senatura itzuli zen eta Alemania jo zuen gerraren errudun nagusitzat. Lehen Ministro eta Kanpo Arazoetako ministro izan zen 1922-1924 urteetan eta Alemaniak gerra zorrak ordaintzeko luzapena eskatu zuenean frantses armada Ruhr ibai arroraino joateko agindua eman zuen Poincarék. 1926an Lehen Ministro izendatu zuten berriro ere eta beharrezko neurriak hartu zituen Frantzia pairatzen ari zen ekonomia egoera zaila gainditzeko. Harena da Au service de la France (1926-1933, Frantziaren zerbitzuan) oroitzapen liburua.