Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

poesia

iz. Olertia. ◊ Olerkigintza.  v Poesiaren ezaugarrietako bat mezua adierazteko modu landua eta eguneroko hizkeratik zeharo berezia da. Edukiari dagokionez prosa poetikoaren antza badu ere, alderdi formalak desberdinak dira guztiz. Hauek dira poesiaren ezaugarri nagusiak: trinkotasuna, metrika eta errimaren konbentzioetara makurtzea, unitate formala lerroa izatea eta sintaxi askatasuna. Bestalde, teknika anitzez baliatzen da poesiak berezkoa duen eduki emozionala adierazteko, deskribapen zuzen objektibotik hasi, eta sinbolismo guztiz pertsonaleraino. Teknika horietan zabalduenetako eta zaharrenetakoak metafora eta konparazioa dira: parekotasun inplizitu nahiz esplizitu baten bidez, irakurlearen perzepzioa aldatu, zabaldu eta aberasten dute batak eta besteak; izan ere, hein handi batean, irakurlearen zentzuei dagokio poesia, ikusmenari eta entzumenari batez ere; orobat, irakurlearen beraren bizikizun emozionalak, kulturazkoak nahiz historikoak erreferentzia izan daitezke poema baten ulermenean. Era horretan, irudiak eta imajinak sorraraziz eta irudimenezko asoziazio desberdinak azaleratuz, poetak bere sentipenen eta kontzientziaren parte bat biziaraz diezaioke irakurleari.  v Poesia mota asko dago: kontakizunezkoa, dramatikoa, ospakizunekoa, satirikoa, deskriptiboa, didaktikoa, erotikoa… Obra berean poesia mota horietako bat baino gehiago balia ditzake poetak, mota batetik bestera mugi daiteke poeta, baina betiere eredu formal batek batasuna ematen dio osotasunari; eredu hori, sarritan, errimak ezarria izaten da.  v  Poesia oso adierazpen modu zaharra da; idazkera asmatu aurretik ere, gizarte primitiboek egiten zituzten, dirudienez, beren kontzientzia erlijioso, historiko eta kulturalaren interpretazio poetikoak; interpretazio horiek belaunaldiz belaunaldi igorri dira, ahoz, himno, magia adierazpen eta kontakizun poemen bidez. Herriaren tradizioekiko lotura hau inspirazio poetikoari buruzko teoria batzuetan geratu bada ere, erromantikoen garaietatik aurrera irudimen sortzaile autonomoa hartu izan da energia poetikoaren iturri eta egiazkotasun poetikoaren garantia gisa. Ildo horretatik, XIX. eta XX. mendeko mendebaleko poesia hizkuntza poetikoaren ahalmen adierazkorretan eta tradizio desberdineko konbentzioetan oinarritu izan da bereziki. Hala, poeta batzuk beste garai nahiz lekuetako gaiak eta bertso formak berpizten saiatu dira; beste batzuk, aldiz, tradizioak eta konbentzioak hausteko ahaleginetan, eguneroko hizkuntzara hurbilduz eta irudi “prosaikoak” erabiliz, formaltasun falta landu bat ontzen saiatu dira.  v  Euskal poesia. Euskal poesiaren sorrera bat dator euskal literaturarenarekin. Hala, lehen poesia liburua, Linguæ vasconum primitiæ (1545) izan zen, Bernart Etxeparerena. Bertan ageri diren olerkien gai nagusiak erlijioa eta amodioa dira, eta antz handia dute bai herri lirikarekin, bai Erdi Aroko auzo herrietan egiten zen poesia motarekin. XVII. mendean, Joannes Etxeberri Ziburukoak eta Bernart Gasteluzarrek olerki erjiosoa landu zuten. Haiek baino oihartzun handiagoa izan zuen Arnaut Oihenartek; harenak dira O-ten gastaroa neurthizetan (1657) olerki bilduma eta Art Poètique, frantsesez utzi zuen olerkigintzari buruzko eskuizkribua. Oihenart olerkari trinkoa eta landua izan zen, hotza, klasizismoari zegokion bezala; amodioa izan zuen gai nagusia. XIX. mendean, Lore Jokoekin batera, olerkigintzaren loraldi bat izan zen, nahiz eta sarri askotan olerkigintza horrek bertsolaritzarekin zerikusi handia izan zuen. Erromantizismoaren eraginpeko garai hartakoak dira Iztueta, Etxahun, Iparragirre, Bilintx eta Elissamburu, esaterako. Epikaren bidetik, berriz, Hiribarrenen Eskaldunac (1853) liburua da aipagarria. Mende bukaera aldera, Foru galtzeak eta abertzaletasunaren sorrerak eragin handia izan zuen olerkigintzan. Arrese Beitiak adibidez, Lege Zaharrak eta euskara bera izan zituen kantagai. Hala ere, izan ziren bide tradizionalagotik ibili zirenak, Etxeita eta Eusebio Azkue esate baterako. XX. mendean poesia landu zuten idazleak ugaritu egin ziren —kontzientzia abertzalea zabaldu ahala—, eta Espainiako gerra aurreko urteetan olerkari belaunaldi bat osatu zen Euskaltzaleak erakundearen inguruan. Mugimendu horren bultzatzailea J. Aristimuño, «Aitzol», izan zen, eta olerkari izan baziren ere (Jautarkol, Loramendi…) garrantzitsuenak hiru izan ziren: Lizardi (1932, Biotz-begietan), Lauaxeta (1931, Bide barrijak) eta Orixe (1934, Barne-muinetan), lehenengo biak Europako literatura mugimenduei zabalik, eta Orixe, berriz, bide klasikoagoetatik. Gerra ostean, aurreko olerkari horien eragina handia izan zen, N. Etxaniz, I. Zaitegi eta beste zenbait olerkarirengan; orobat, garai hartan ere S. Mitxelenaren eta Iratzederren lanak azpimarratzekoak dira. Bi idazle horien joera Euskal Herriaren egoera ilunaren eta erlijioaren arteko uztarketa izan zen. 1950ean, Orixek Euskaldunak olerki bilduma argitaratu zuen. Ordurako, abian ziren Euzko-Gogoa eta Egan literatura aldizkariak. Haietan hasi ziren Jon Mirande eta Gabriel Aresti idazten, euskal poesiagintza bide modernoagoetatik bideratu zuten idazleak. Biak ere Nietzscheren eraginpean hasi baziren ere, nihilismoaren bidetik, Mirandek bakarrik eutsi zion bide horri; Arestik, aldiz, garai hartan Espainian egiten ari zen poesia sozialarekin uztartu zuen bere lana. Arestiren Harri eta Herri (1964) liburuaz gero ugaritu egin ziren poetak eta joerak; batzuk poesia sozialaren bideari lotuta (J. Azurmendi), beste batzuk bide pertsonalagoak landuz (M. Lasa, B. Gandiaga, J.M. Lekuona, I. Sarasola, X. Lete). Haien ondoren etorri ziren zenbait idazle aipagarri: B. Atxaga, J. Sarrionandia, K. Izagirre eta F. Juaristi. Azken urteotan poeta gazte asko sortu dira: Juan Luis Zabala, Miren Agur Meabe, Paddy Rekalde, Ana Urkiza, Castillo Suarez, Joseba Gotzon, David Tijero, Kirmen Uribe, Ixiar Rozas, Jon Benito, Joan Aldamizetxebarria, Jabier Pikabea, Patxi Salaberri, Edu Zelaieta, Aritz Gorrotxategi, Mikel Peruarena, Txili Lauzirika, Ignazio Aiestaran, Jon Aiastui, Eneko Barberena, Andoni Salamero, Juan Ramon Makuso, Gotzon Barandiaran, Ines Goikoetxea, Jon Gerediaga, Xabi Borda, Xabier Olaso, Angel Larrea, Koldo Zubeldia, Goizalde Landabaso, Leire Bilbao, Fertxu Izquierdo, Luis Garde, Beñat Sarasola, Kemen Lertxundi, Peru Magadalena, Iban Izagirre, Jabi Santa Cruz, Hedoi Etxarte.