Pobedonostsev, Konstantin Petrovitx
Errusiar politikaria (Mosku, 1827 - San Petersburgo, 1907). Moskuko unibertsitateko zuzenbide zibileko irakasle izan ondoren San Petersburgora dei egin zioten errege izango zenaren irakasle izan zedin (1865). Sinodo santuko prokuradore nagusi izan zen 1880. urtetik aurrera eta eragin handia izan zuen Errusiako politikan bere ikaslea, Alexandro III.a, enperadore bihurtu zenean (1881). Absolutismoa, atzerriko ekarpen guztien aurkako borroka, gutxiengoen errusiartzea, ez-ortodoxoen (katolikoak, luteranoak) esetsaldiak eta juduen aurkako erasoak izan ziren Pobedonostsev-en politikaren ezaugarri nagusiak. Japoniaren kontrako gerraz geroztik eragin gutxiago izan zuen Errusiako politikan. Moskovskyy sbornik (1896, Moskuko bilduma) saiakera liburuan ezagutarazi zuen bere pentsamendua.