Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Plutarko

(Gr. Plutarkhos). Greziar idazlea (Keronea, Beozia, 50 - Keronea, 125). Aristobulo jakintsuaren semea zen eta 20 urte bete zituenean Atenasa bidali zuen aitak matematika eta filosofia ikas zitzan. Grezian eta Egipton barrena bidaiatu ondoren Erroman bizi izan zen denbora luzean eta, iturri batzuen arabera, Trajano eta Hadriano enperadoreek ohorez bete zuten. Bizitzako urterik gehienak, ordea, jaioterrian eman zituen. Kargu publikoak betetzeaz gainera, eskola ospetsu baten zuzendaria izan zen. Harreman estuak izan zituen, bestalde, Atenasko Platonen akademiarekin eta 95. urtetik aurrera Delfoseko Apoloren tenpluko apaiz izan zen. 200 obratik gora idatzi zituen, grekoz guztiak, baina bizitzaren azken urteetan idatzi zuen Bizitza paraleloak obragatik egin zen ospetsu batez ere. Greziako eta Erromako pertsona ospetsuen biografia bilduma da, pertsonaiak binaka agertzen direla, bi kulturetako gizon ospetsuen arteko konparazio bat eginez. 50 konparazio inguru gorde dira. Hala eta guztiz ere historia baino gehiago pertsonaien izaerak ezagutarazten ditu obra horietan, eredu etikoak eskaintzea izan baitzuen asmoa. Gorde diren gainerako idazkiak Obra moralak liburuan eman ziren argitara; Platonen filosofiaren oinarria agertzen du liburu horretan. Errenazimentu garaiko humanistek ezagutarazi zuten Plutarkok eragin handia izan zuen Shakespeare eta Michel de Montaigne-rengan, besteak beste.