Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Plentzia-Mungia

Bizkaia osatzen duten eskualdeetako bat. Udalerri hauek hartzen ditu bere baitan: Arrieta, Bakio, Barrika, Fruiz, Gamiz-Fika, Gatika, Gorliz, Laukiz, Lemoiz, Maruri-Jatabe, Meñaka, Mungia, Plentzia, Sopela eta Urduliz. Eskualdeak 211 km2ko azalera du 1998ko datuen arabera (Bizkaiaren % 9,5), eta 41.508 biztanle zituen guztira 1997an (Bizkaiaren % 3,6 baino ez).13.252 biztanlerekin, Mungia da udalerririk jendetsuena, eta Sopela bigarrena, 9.858 biztanlerekin. 4.000 biztanletik gertu dago Gorliz, eta 3.000 inguru dituzte Urdulizek eta Plentziak. Gainerakoak 2.000 biztanletik beherako udalerriak dira, eta 1.000 biztanlera heltzen ez direnak ugari dira, hala nola Arrieta, Fruiz, Laukiz, Lemoiz, Maruri-Jatabe eta Meñaka.  v  Hizkuntzari dagokionez, batez beste, eta 1996ko datuek adierazten dutenez, urte horretan biztanleen % 49,7 euskaldunak ziren, % 19,2 ia-euskaldunak eta % 31,1 erdaldunak. Nolanahi ere, euskarari dagokionez, alde handiak daude udalerri handienen eta txikienen artean. Ia erabat euskalduntzat har daitezke, esaterako, Arrieta, Fruiz, Gamiz-Fika edota Meñana, baina euskararen presentzia askoz ere ahulagoa da udalerri handietan, nahiz eta Mungian, esaterako, eskualdearen batez bestekoa gainditu euskaldunen kopuruak (% 58). Gazteleraren pixua nabarmenagoa da kostaldeko herri turistikoetan. Izan ere, Sopelan eta Gorlizen baino ez du gainditzen erdaldunen kopuruak euskaldunena.  v Orografia. Bizkaiko gainerako eskualdeen antzera, menditsua da. Hiru multzo bereiz daitezke Plentzia-Mungiako eskualdean: hegoaldeko mendikateak (Axpe, Unbe, Oiz), erdialdeko sakongunea (Butroi ibaiak urraturiko ibarra) eta itsasertzeko mendiak (Sollube, Jata). Hidrografiari dagokionez ibai txiki aldapatsuak dira Plentzia-Mungiakoak. Butroi edo Plentzia ibaia da nagusia, eta hartara isurtzen dute ura Sollube eta Unbe-Aretxabalaga mendietatik jaisten diren errekek. Klima ozeanikoa da (9 °C neguan eta 19 °C udan). Bizkaiko gainerako eskualdeetan bezala euri asko egiten du (1.200 mm baino gehiago urtean, batez beste). Landaretzari dagokionez pagoa (700 m-tik gora) eta haritza (700 m-tik behera) zuhaizti nagusiak izan diren arren, pinua da (Pinus insignis) egun arbola zabalduena.  v  Alor ekonomikoan, eskualdea bere osotasunean hartuz gero, Bizkaiko batez bestekoarekin azpitik gelditzen da biztanle bakoitzeko sortzen den Barne Produktu Gordinari dagokionez. EAEko indize bateratzeailea 100 eta Bizkaikoa 93 izanik, 92an zegoen Plentzia-Mungia eskualdean 1996an: 2.098.000 milioi pezeta biztanleko eta urteko. EAEko, Bizkaiko eta eskualdeko batez bestekoa aise gainditzen zuten Urdulizek eta Mungiak, eta ozta-ozta Gatikak, baina gainerako guztiak batez besteko horien azpitik zeuden, udalerri horiek izan ezik balio erantsi gutxi sortzen duten jarduera ekonomikoetan aritzen baitira. Horietako hainbatetan –Arrietan, Gamiz-Fikan, Fruizen, Maruri-Jataben eta Meñakan, esaterako– lehen sektoreak sortzen du balio erantsiaren % 20-25, eta hori baino gehiago kasu askotan, Bizkaiko % 1,1etik oso urrun. Industriak Gatikan, Mungian eta batez ere Urdulizen du presentzia handia, eta badira ia erabat zerbitzuei emandako udalerriak, hala nola Bakio, Barrika, Gorliz, Plentzia eta Sopela, zerbitzuen artean turismoari eta aisiari lotuak direla nagusi. Eskualdearen egitura ekonomikoak, sektoreka, osagai hauek ditu: lehen sektoreak balio erantsiaren % 2,93 ekartzen du, industriak % 42,6, eraikuntzak % 11,23 eta zerbitzuek % 43,24. Azken urteotan sortu diren azpiegiturei esker, asko estutu ditu eskualdeak Bilbo eta Bilbo Handiarekiko loturak. Izan ere, metroak zuzenean lotzen ditu Bilbo eta Plentzia, eta Bilbotik Mungiarako autobideak ere zerikusia izan du Plentzia-Mungia eskualdearen kostaldeko zein barrualdeko udalerrien metropolizazio horrekin.