Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Plentzia

Bizkaiko kostaldeko udalerria (Uribe Kosta). Mugak: iparraldean, Kantauri itsasoa eta Gorliz; ekialdean, Lemoiz eta Gatika; mendebalean, Barrika eta Urduliz; hegoaldean, Urduliz. Garaiera, 4 m. 11,17 km2. 1997ko datuen arabera, 3.277 biztanle (plentziarrak). Auzo nagusiak: Txipio, Isuzkitza, Saratxaga eta Plentzia. Euskara, bizkaiera; biztanleen euskara maila 1996an: 890 euskaldun, 857 ia-euskaldun eta 1.307 erdaldun. Butroi edo Plentzia ibaiak eratzen duen meandro batean dago Plentziako herrigunea. Zerbitzuak (turismoarentzako azpiegiturak, hotelak, jatetxeak, kirol portua, administrazioa, irakaskuntza) dira ekonomia jarduera nagusiak. Dena dela jende ugari Mungia, Urduliz eta Bilboaldeko industrietara joaten da lanera. Aipagarriak dira Muxika-Butroetarren dorretxea, Santiagoko atea eta Andre Maria Madalenako eliza.  v Historia. Lopitz Harokoa (1214-1239) Bizkaiko jaunak sortu zuen Plentzia 1299. urteko dokumentu baten arabera, Gorlizko elizatearen eremuetan. Logroñoko foruen bidez gobernatzeko eskubidea zuten plentziarrek. Bi sute ikaragarri nozitu zituen Plentzia herriak 1437. urtean eta XVII. mendearen hasieran.