Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

platelminto

iz. eta izond. Zool. Animalien erreinuko izen bereko phylum-eko ornogabeez esaten da. Bost klase (turbelarioak, monogeneoak, aspidokotileoek, zestodoak eta trematodoak) eta 13.000 inguru mota biltzen dira phylum honen baitan. Har zapal izenez ere ezagutzen dira, zestodoek izan ezik hosto baten itxurakoa baitute gorputza. Zestodoek zinta baten antzekoa dute; digestio aparaturik ez dute, eta besteek ere itsua edo zulo batekoa dute, aurreko aldean edo azpiko aldean kokatua. Handik irensten dituzte janariak eta hondakinak botatzen ere. Ugaltzeko eraz hermafroditak dira. Arrari dagokion aldea bi barrabilez, hazi-hodiz eta hazia botatzeko zakil itxurako hodi batez osatua dute, emeari dagokiona, berriz, obulutegiz, hazi-zorroz, eta umetokiz osatua dute. Nahiz hermafroditak izan eta batzuek haien erara ugaldu askotan (zestodoak adibidez), beste asko elkar ernalduz ugaltzen dira gehienetan; zatiketaz ugaltzeko ere badute ahalmena, bestalde. Bizitzeko eraz, bizitzako egoera batean behintzat, bizkarroiak dira hainbat platelminto mota. Uretan bizi izaten dira. Planaria eta plasmodioak dira platelmintoetan ezagunenetakoak.