Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

plastiko

izond. eta iz. Plastikari dagokiona. || Gai kimikoa, egite prozesuan moldatzen ahal dena.  v Plastikoak. Edozein kalitate, gogortasun, kolore eta formako produktuak ekoizteko gai aldagarriak gehitu zaizkien polimero altuak (erretxinak). Sintesi bidez lortutako erretxinak dira plastiko gehienen lehengaiak, baina lehengai gisa proteinak, kautxua, zelulosa eraldatua eta gisakoak erabiliz ere ekoizten dira batzuk. Plastikorik garrantzitsuenak petroliotik lortzen dira. Bi multzo handitan sailka daitezke: termoplastikoak (berotzean biguntzen direnak), eta termoegonkorrak (berotzean gogor jarraitzen dutenak). Plastikoak, oro har, berotan biguntzen dira; eta erresistentzia handiena dutenen artean fluokarbonoak, nylona, fenolikoak, polimidak eta silikonak daude; azken hauek, hala ere, bigundu edo urtu egiten dira 260 °C-z goitik. Beste plastiko mota batzuk erretzen dira suaren garrak ukitzen baditu (zelulosazkoak, polietilenoa, polimero akrilikoak, poliestirenoa…), eta beste batzuek ke pozoitsua ematen dute suak hartzean (poliuretanoa). Plastiko batzuk pisu eta indar handiei eusteko gai dira; eraikuntzan edo makinen atalak eta autoen osagaiak egiteko erabiltzen dira. Plastikoak molda daitezke konpresio edo injekzio bidez. Gaur egun injekzioa erabiltzen da gehiena. Plastikoek dituzten tasun dielektrikoengatik tresna elektrikoen eta elektronikoen osagai garrantzitsuak dira. Plastikoak indartu daitezke beirazko edo metalezko zuntzak barnean txertatuz. Paper, oihal, egur eta abarren erako xafletan, eta hodi forman prestatzen dira. Azken 50 urte hauetan plastiko industriak garrantzi handia hartu du. Orain dela gutxi arte erabiltzen ziren zenbait material hobetu eta ordezkatu dituzte plastikoek, eta teknologia berriei bidea zabaldu diete. Plastikoak asko erabiltzen dira: autoen osagaiak eta hodiak, zoruak eta paretak egiteko, ontziak egiteko, ehunak, pinturak, bernizak, eransgarriak, osagai elektrikoak eta elektronikoak, sukaldeko tresnak eta altzariak egiteko eta abar.  v Plastikoen historia. John Wesley Hyatt-ek egin zuen 1869an lehenengo plastikoa, zelulosa nitratoa eta kanforra nahastuz; zeluloide izena eman zion. 1899an Spitteler-ek kaseina formaldehidoz gogortzeko metodoa asmatzean, kaseinazko plastikoen industria hasi zuen. Bolumen handiko lehen plastikoa Leo Baekeland-ek egin zuen fenola formaldehidoz kondentsatuz. Bakelita izena eman zion; hau izan zen sintesi bidez lortutako lehen polimeroa. 1927an zelulosak berriro garrantzia hartu zuen xafla, zuntz eta moldatu eran zelulosaren butiratoak eta azetatoak egin zirenean. Garai horretan hasi zen moldatzea konpresioz egin beharrean injekzioz egiten; horrek iraultza handia eragin zuen plastikoen industrian. 1920 eta 1930 bitartean Herman Staundinger kimikari alemaniarrak polimerizazioari buruzko oinarrizko ikerketak egin zituen. 1930 ondoko urteetan aurkikunde aipagarriak gertatu ziren plastikoen munduan: aminoerretxinak erabiltzen hasi ziren (fenol-formaldehido erretxinen ordez), neoprenoa (kautxuaren antzeko sintesi bidez lortutako lehen gaia) eta nylon poliamida (erabat sintetikoa zen lehen zuntza) aurkitu ziren. Poliestirenoa eta polietilenoa ere urte horietan asmatu ziren, aurkikuntza handiak biak. Emultsio bidezko polimerizazioa, beirazko zuntzez indartutako plastikoa, zelula erako plastiko edo aparra, Kipping-ek asmatu eta garatu zituen silikonazko erretxinak, Ziegler-en eta Natta-ren katalizatzaileak eta beste asko plastikoen industrian aurrerapen handiak izan dira.