plastidio
iz. Biol. Landareen zeluletako zitoplasmako organulua. Edukien eta zereginen arabera, honela sailkatzen dira plastidioak: kloroplastoak (klorofila eta fotosintesirako eraginkorrak diren beste pigmentu batzuk dituzte); kromoplastoak (pigmentuak dituzte, baina ez dira eraginkorrak fotosintesirako). Pigmentu horiek xantofila eta karotinoideak dira batik bat, eta petaloetan, fruituetan eta sustraietan aurkitzen dira; leukoplastoak (ez dute pigmenturik. Almidoia metatzen duten leukoplastoei amiloplasto deitzen zaie, eta almidoi aleak eratzen dituzte). Meristemako ehunetan plastidioen organulu aitzindariak daude, proplastoak, prokondriosomen antzekoak. Landare zeluletako plastidioen itxura eta kopurua era askotakoa izan daiteke. Plastidioak, eskuarki, landare autotrofoetan aurkitzen badira ere, onddoetan ere badira karotinoidea metatzen duten antzeko egiturak. Zianofito autotrofoek, berriz, ez dute plastidiorik, eta beren pigmentuak zitoplasman barreiaturik aurkitzen dira.