Plasson, Michel
Frantses orkestra zuzendaria (Paris, 1933). Perkusioa ikasi zuen Parisko Kontserbatorioan, eta ondoren orkestra zuzendaritza. Besançoneko nazioarteko lehiaketa irabazi zuen 1962an. Trebatzeko Estatu Batuetara joan zen eta han Erich Leinsdorf eta Pierre Monteuxekin aritu zen. Frantziara itzuli zenean, Metzeko Antzokiko zuzendari izan zen eta 1968. urteaz geroztik Okzitaniako Tolosako Capitolekoa. Plassonek errepertorio lirikoa eta sinfonikoa landu du eta XIX. eta XX. mendeetako frantses musikagileen obrak interpretatu ditu (Massenet, Chabrier, Fauré, Roussel, Chausson). Lan handia egin du, halabe, musikagile ezezagunen lanak ezagutarazteko, Albéric Magnarden lana esate baterako. Europako orkestra handienek gonbidatu izan dute, eta New Yorkeko Metropolitan Operan zuzendari aritu da. Dresdengo Orkestra Filarmonikoko musika zuzendari izendatu zuten 1994an. 1968-2003 urteetan Toulouseko Capitoleko Orkestraren zuzendaria izan zen, eta ondoren orkestra horren berorren ohorezko zuzendaria da.