Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

plantajinazeo

izond. Bot. Eskrofularialen ordenako izen bereko familiako landareez esaten da. Ordena honetako landare mota gehienak belarkarak dira. Bakan batzuek bakarrik dute zurtoin zurtsua. Hosto osoak, txandaka antolatuak eta sustraiaren buruan kokatuak dituzte. Lore txikiak, sexu bikoak eta buruxka forman eratuak izaten dituzte, eta fruituak berriz nukula edo intxaur egiturakoak edo kusku egiturakoak. Hiru genero eta 200 bat landare mota biltzen dira familia honen baitan; mota gehienak ordea plantago generokoak dira, beste bietan, littorella eta bougueria generoetan, hiru mota baino ez baitira sartzen. Plantaina, kukuso-belarra, izar-plantaina eta ezpata-plantaina dira familia honetako landare ezagunak. Oso lurralde hotzetan, Afrikako erdialdean eta Brasilen izan ezik munduko beste lurralde guztietan daude zabalduak plantajinazeoak.