Pizarro, Gonzalo
Espainiar konkistatzailea (Trujillo, 1502 - Xaquixaguana, 1548). Gonzalo Pizarro Luzearen ezkontzaz kanpoko semea. 1530ean Perura joan zen bere anaiekin. Peruko konkistan parte hartu zuen, eta Almagroren aurka borrokatu zen Salinasko guduan. 1539an, bere anaia Hernando Espainiara joan zenean, Francisco Pizarrok Quitoko gobernari izendatu zuen. 1541ean, espedizio bat antolatu zuen kanelaren herriaren bila joateko, bere ustetan El Dorado-n zegoena; espedizio hura, ordea, ezer aurkitu gabe bihurtu zen atzera urte bete geroago. Bien bitartean bere anaia Francisco Pizarro hil zuten. 1552an, Indietako Lege Berriak argitaratu ziren eta Blasco Nuñez Vela erregeordea bidali zuten haiek betearaztera; konkistatzaileen eskubideak zapuzten zituzten lege haien aurka matxinatu zen Gonzalo Pizarro eta gudaroste handi bat bildu zuen erregeordearen kontra. Hainbat borrokaren ondoren, erregearen gudarosteak Xaquixaguanako guduan matxinatuak menderatu eta Gonzalo hil zuen.