Pizarro, Francisco
Espainiar konkistatzailea (Trujillo, Caceres, 1475 - Lima, 1541). Nicolas Ovando gobernariaren Ameriketarako espedizioan itsasoratu zen (1502). Balboarekin zen hark Ozeano Barea aurkitu zuenean; aurkikuntza horrek eta han herri aberats bat zelako berriek lurralde horiek konkistatzeko guraria sortu zioten Pizarrori. 1524an, Panaman, bat egin zuen Diego de Almagro konkistatzailearekin eta Hernando de Luque apaizarekin Hego Ameriketako lurraldeak konkistatzeko. Oso bidaia neketsua izan zen, eta lau aldiz itzuli behar izan zuen Almagrok Panamara hornidura eta gizon gehiagoren bila; azken itzul-bidaian Panamako gobernariak uko egin zion eskaerari. Berria jaso zutenean Pizarrok marra bat marraztu zuen ezpataz harean: hegoaldeko konkistan jarraitu nahi zutenek marra igaro besterik ez zuten egin behar. Marra gainditu zuten Hamairu Ospetsuek hegoalderantz jo zuten, eta Inka inperioko lehen aztarnak aurkitu zituzten. Panamara itzuli zen Pizarro, eta handik Espainiara jo zuen Karlos V.a enperadorearengandik konkista gauzatzeko behar zituen tituluak eta baldintzak eskuratzera. Erregeorde bati zegokion laguntza lortu ondoren, Perurantz abiatu zen Hernando, Juan eta Gonzalo anaiekin batera (1531). Inken lurraldean sartu zen urte berean, eta hurrengo urtean, amarruz, inken buruzagi zen Atahualpa atxilotu eta hil zuen (1533). Inperioko hiriburura, Cuzcora, abiatu zen Pizarro eta berehala konkistatu zuen hiria. Harrezkero espainiarrek Perun zuten nagusitasuna sendotzen eta bere ondasunak eta anaienak zaintzen eman zuen Pizarrok denbora. Pizarroren eta Almagroren arteko aldeak areagotu ziren ordea, eta Almagrok indarrez hartu zuen Cuzco. Francisco, artean, berak 1535ean sortutako Limako hirian zen, eta Almagroren jarraitzaileek bere jauregian hil zuten (1541).