pitxartxar
iz. Zool. Paseriformen ordenako eta zozoaren familiako bi txori txikiren izena. Neurriz eta itxuraz oso antzekoak dira biak. 12,5 cm inguru luze dira. Moko zorrotza eta laburra dute; labur samarra dute isatsa ere. Hankak aldiz luze samarrak eta meheak dituzte. v Pitxartxar buru-beltza (Saxicola torcuata). Burua eta bizkarraldea beltzak, paparraldea gorri marroixka, eta lepoko bi alboak, hegoen erdialdea eta ipurgaina zuriak dituena. Europako erdialdean eta hegoaldean, Afrikan eta Asiako erdialdean bizi da. Lurrean egiten du habia. Intsektuak jaten ditu gehienbat. v Pitxartxar nabarra (Saxicola rubreta). Bizkarraldea, begiazpiak, hegoak eta isatsaren gaina arre ilunak, eta papoa eta sabelaldea zurixkak dituena. Pitxartxar buru-beltzaren lurralde bertsuetan bizi da, eta habia egiteko eta jateko ere haren ohitura berak ditu.