Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Pisistrato

(Gr. Peisistratos). Atenasko tiranoa (K.a. 600 - K.a. 528 edo 527). Atenasko hiriak K.a. 565. urtean Megarakoaren aurka izan zituen gerretan egin zen ezagun. Alderdi bat osatu zuen politikan parte hartzeko. Bere kontra ekintza bat egin zela aitzakia harturik goardia talde bat izan zuen eskura eta horretaz baliatu zen K.a. 560-559. urteetan aginpideaz jabetzeko. Erbesteratu behar izan zuen eta Greziako iparraldeko zilar eta urre hobiak ustiatu zituen. Atika inbaditzeko gerra finantzatu zuen eta Atenasko armada menderatu zuen Peleneko gerran. Atenasko tirano bihurtu zen harrezkero. Solonek egindako erreformak gorde zituen, Atenasko industria, merkataritza eta nekazaritza bultzatu zituen eta maileguak eskaini zizkien hiritarrei. Nekazaritzaren erreforma egin zuen, oliba eta mahats landaketa bultzatu zuen eta esportazioak sustatu zituen. Arteak eta kultura babesteaz gainera, antzerki jaialdi bikainak antolatu zituen. Panageo mendietako mea ustiakuntzen bidez finantzatu zuen hori guztia. Ekonomia oparotasun handia izan zuen Atenasko hiriak Pisistratoren agintaldian.