pirometro
iz. Teknol. 1.800 °C arteko tenperaturak edo garaiagoak neurtzeko erabiltzen den tresna. Pirometro mota asko dira, eta altzairu urtuen, sumendien eta gisakoen tenperaturak neurtzeko erabiltzen dira. Bi eratako pirometroak dira: ukituz neurtzen dutenak (pirometroa tenperatura neurtu nahi den gaia ukitzen jartzen da), eta ukitu gabe neurtzen dutenak. Ukimenezkoen artean fenomeno termoelektrikoetan oinarritzen diren pirometroak daude. Pirometroaren pare termoelektrikoa eratuz erabiltzen diren metalak hauek dira adibidez: platino/platino-errodio, burdina/konstantan, nikel/nikel-kromo eta abar. Pare termoelektrikoek tenperatura aldaketen eraginez sortzen duten potentzial diferentziak neurtzeko, parearen bi ertz libreen artean galbanometro bat edo potentziometro bat jar daiteke. Potentzial diferentzia horiek txikiak dira, milivoltio hamarreko batzuk, eta zehaztasun handia erabili behar da potentzial horien neurketan. Oso erabilia den ukimenezko beste pirometro bat elektrikoa da, tenperatura aldaketen eraginez eroale batek dituen erresistentzia aldaketetan oinarritzen dena. Gaia ukitu gabe neurtzen duten pirometroen artean bi pirometro mota daude: optikoak eta erradiaziozkoak. Lehenengoek, tenperatura neurtzen ari den gorputz beroak igortzen duen argitasuna aurrez patroi edo eredu gisa ezarririk dagoen lanpara edo harizpi baten argitasunarekin alderatzen dute. Bigarrenek, lente arrunt baten bidez beroa dagoen gorputzak norabide zehatz batean igortzen dituen bero irradak biltzen dituzte, eta lentearen fokoan gertatu den tenperatura aldaketa pare termoelektriko baten bidez neurtzen dute.