pirolisi
iz. Kim. Beroaren bidezko gai kimikoen deskonposaketa. Ez da errekuntza, pirolisian ez baita oxidaziorik gertatzen. Pirolisi hitza gai organikoez mintzatzeko erabiltzen da, eta bi esanahi izan ditzake: gai bat zati txikiagotan eta soilagotan deskonposatzea, edo isomerizazio bidez molekula pisuagoak dituzten konposatuak eratzea. Horrela, karbono atomo asko dituzten pisu handiko olioetatik, adibidez, katea motzeko gasolinak lortzen dira pirolisi bidez, eta zuraren pirolisi bidezko destilazioaz metanola, azido azetikoa eta abarrasa. Zelulosazko hondakinen pirolisia sintesi bidezko erregaiak eta beste gai batzuk lortzeko oso erabilia da. Erabilera asko ditu industrian eta laborategian. Deskonposatzen direnak gai inorganikoak direnean (kareharria edo metalen meak) kaltzinazio hitzaren sinonimotzat hartzen da.