pikto
iz. eta izond. Zeltak iritsi aurretik Eskozian finkaturik zegoen herria; herri horretako kidea eta berari dagokiona. Piktoen izena erromatarrek ezarria da (picti), gorputza pintatzeko zuten ohituragatik. Piktoei buruzko lehen berria K.o. 297. urtekoa da Hadrianoren Harresiari piktoek eta eskotoek egindako erasoari buruzkoa. Izan ere, piktoek eta eskotoek etengabe eraso zieten erromatarrei Behe Inperio osoan zehar. Garai haietan edo geroago bi erresuma eratu zituzten Forth-etik iparraldera. VII. mendean piktoen erresuma bakarra zegoen, jadanik irlandar misiolariek kristautua, dirudienez. 843 urtean Kenneth I.a MacAlpin eskotoen erregeak piktoak ere bere mende hartu zituen, eta bi herrialdeez Eskozia ia osoa besarkatzen zuen Alba erresuma bakarra egin zuen. v Hizkuntza. IX. mendea arte piktoek beren hizkuntza gorde zuten; eskotoekin bat eginez gero berauen hizkuntza, gaelikoa, nagusitu zen. Piktoen hizkuntzari buruzko ezagupena mugatua da: zenbait idatzi, toki eta pertsona izen eta Erdi Aroko literaturan jasoriko zenbait aipamen. Hala, batzuentzat indoeuropar hizkuntza zen (gaelikoetik baino galieratik eta britainieratik hurbilago izango zena); beste zenbait aditurentzat, ordea, ez zen hizkuntza zelta ezta indoeuroparra ere.