Pertini, Alessandro
Italiar politikaria, Sandro Pertini izenaz ezaguna (Stella, Savonatik hurbil, 1896 - Erroma, 1990). Zuzenbideko ikasketak egin zituen; Lehen Mundu Gerran parte hartu zuen. Italiako alderdi sozialistako kide egin zen 1918an, baina erbestera jo behar izan zuen 1926an faxisten aurkako ekimenetan parte hartzeagatik. Kartzela zigorra eman zioten 1928an, eta aske geratu zenean (1943), Nenni politikariarekin batera, Italiako alderdi sozialista osatu zuen berriro. Lehen Mundu Gerran hiltzera kondenatu zuten alemaniarrek, Erroman, Florentzian eta Italiako iparraldean oste faxisten aurkako taldeen buruzagi izan zelako. Alderdiko idazkari nagusi izendatu zuten 1945ean, eta Avanti aldizkariko zuzendaria izan zen 1945-1946. eta 1950-1952. urteetan. Legebiltzarreko kide izan zen 1946 ezkero eta errepublikako lehendakari hautatu zuten 1978. urtean. 1985 arte izan zen lehendakari.