perioftalmido
izond. Zool. Perziformeen ordenako izen bereko familiako arrainez esaten da. Oso begi higikorrak dituzte, buruaren goieneko aldean kokatuak. Zenbait gauzatan anfibioen antza dute perioftalmidoek; batzuk gai dira bular-hegalak lurrean bermatuz lokatzaren edo hondarraren gainean ibiltzeko. Uretatik kanpora denbora luzean iraun dezakete. Periophthalmus kœlreuteri izeneko mota hiltzen omen da aldian behin uretatik kanpora airea hartzen ez badu. Intsektuak, harrak eta soinberak jaten dituzte. Sei arrain mota biltzen dira perioftalmidoen baitan. Indiako Ozeanoko eta Ozeano Bareko ibai bokaleetan eta haietako lohietan bizi dira.