Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

periodiko

izond. Aldizkakoa. || Heg. iz. h. egunkari.  v Lege periodikoa. Kim. Gai bakunen edo elementu kimikoen taula periodikoaren oinarria den legea, kimikaren historian egin den jeneralizaziorik garrantzitsuenetakoa. Funtsean hau dio: gai bakunen atomoetan elektroiek duten ordenamendua eta ordenamendu honek mugatzen dituen tasunak (gaien arteko loturak, erreaktibotasuna eta abar) guztiz lotura estua dute atomo zenbakiarekin, eta elektroien ordenamendua eta gai bakunen tasunak era erregular edo periodiko batean aldatzen dira atomo zenbakia handiagoa izan ahala. Ondorioz, atomoaren egiturak baldintzatzen dituen gai bakunen tasun guztiak atomo zenbakiaren araberakoak dira.  v Taula periodikoa. Kim. Lege periodikoan oinarritzen den gai bakunen sailkapen sistematikoa. Dimitri Mendeleiev errusiar kimikariak prestatu zuen lehen aldiz 1869an. Zientzialari honek ordu arte ezagutzen ziren gai bakun guztiak atomo pisuen arabera ordenatu zituen, pisu txikiena zuenetik pisu handiena zuenera. Geroago, Moseley ingeles fisikariak eta beste batzuek gai bakunek duten periodikotasuna atomo zenbakiarekin lotua dela frogatu zuten. Horrela, gai bakun batek taula periodikoan duen kokaera bere elektroi egituraren eta tasun kimikoen adierazle da. Gai bakun guztiak zazpi errenkada horizontaletan banatzen dira, eta bakoitzak 2, 8, 8, 18, 32 eta 19 gai bakun ditu. 93. gai bakunetik 106. artekoak uranioak baino atomo zenbaki handiagoa duten sintesi bidez lortutako gai erradioaktiboak dira. Periodo bakoitza atomoaren kanpoaldeko elektroi geruzan elektroi bakarra duen gai bakunetik abiatzen da (metal alkalinoak dira) eta azken geruza horretan 8 elektroi dituzten gai bakunean bukatzen (gas nobleak: argoia, kriptoia, xenoia…). Gas noble horien artean bada gai bakun bat, helioa, azken geruzan 2 elektroi besterik ez dituena. Taularen banaketa zutean 9 sail bereizten dira. Sail bakoitzean azken geruzan elektroi kopuru berdina duten gai bakunak biltzen dira. Sailaren zenbakiak (I, II, III, IV…) azken geruzako elektroi horien kopurua adierazten du. I etik VII arteko sailak bi azpisailetan daude banaturik (A saila eta B saila). Horrela IA sailean 1 balentzia duten gai bakunak daude (H, Li, Na, K, Rb, Cs, Fr), alkalino izenez ezagutzen direnak; erreaktibitate handiko gai bakunak dira. Azken sailean, aldiz, gai bakun geldoak daude, gas nobleak; hauek ez dute ezerekin erreakzionatzen. Taula periodikoaren eginkizun nagusia kimikaren antolaketa sistematiko baterako oinarrizko egitura izatea da.  v Azido periodikoa. Kim. Molekulan iodoa bere oxidazio maila gorenean (+7) duen gaia. Kristal zurietan agertzen da. Uretan eta alkoholetan urtzen da. Iodoa eta azido perklorikoa erreakzionaraziz, edo tenperatura apaletan egindako azido iodiko kontzentratuaren elektrolisi bidez lortzen da. Asaldagarria eta oxidatzailea da. Ez da nahasi behar gai organikoekin. Hezetasunari aurre egiten dioten paperak prestatzeko, oxidatzaile gisa eta fotografiarako paperak prestatzeko erabiltzen da.  v Funtzio periodikoa. Mat. y=f(x) funtzioa periodikoa da p periodoarekin, baldin bere definizioaren eremuak x barne duen aldiko x+p ere barne baldin badu, eta baldin f(x+p)=f(x) berdintasuna betetzen bada f-ren eremukoa den edozein x-entzat. Horrela, sin x, cos x, cosec x eta sec x funtzioak periodikoak dira, eta beren periodoa 2 ð da. tgx eta cotg x ere funtzio periodikoak dira, baina hauen periodoa  ð da. Hurrenkera trigonometriko honen baturak: a0/2 + a1 cos ßx + … + an cos nßx + bn sen nßx + … izaerarik baldin badu, batura hori 2 ð periodoa duen funtzio periodikoa izango da.