Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Perikles

Atenasko politikaria (?, K.a. 495 - Atenas, K.a. 429). Atenasko demokrazia sendotu zuen, eta kulturak aldi oparoa izan zuen haren garaian. K.a. 461. urtean Zimon, alderdi aristokratikoko burua, erbesteratzea lortu ondoren, Atenasko agintari bihurtu zen. 459-446 urteetan Korintoren, Espartaren, Persiaren eta haien aldekoen aurka ibili zen gudan. 445. urtean 30 urteko bakealdia sinatu zuen Espartarekin, eta handik aurrera bakezko bideak erabili zituen Atenasen eragina zabaltzeko. Perikles arteen, musikaren eta antzerkiaren babesle eta bultzatzaile izan zen, eta haren aginduz eraiki ziren Partenona eta Atenea jainkosaren irudiak. Bestalde, garai berekoak izan ziren Sofoklesen eta Euripidesen antzerki lan ospetsuak, eta Sokratesen erakutsiak. Periklesi esker, Atenasek unerik gorena izan zuen. K.a. 430. urtean, Peloponesoko gerran, Atenasko hiritarren abertzaletasunaren aldeko deia egin zuen, baina kargutik kendu zuten. 429. urtean berriz ere izendatu zuten agintari, baina handik hilabete gutxira hil zen.