Pergolesi, Giovanni Battista
Italiar musikagile, biolinista eta organo-jotzailea (Jesi, 1710 - Pozzuoli, 1736). 1726. urtetik aurrera Napoliko Conservatorio dei Poveri izenekoan egin zituen musika ikasketak, eta biolin-jotzaile bikaina izatera iritsi zen. 1731. urtean bukatu zituen ikasketak, La conversione di San Guglielmo d’Aquitania oratorioarekin. Stigliano printzearen, eta Caraccioloko printze eta dukeen laguntzari esker, 1731. urteko neguan Salustia opera eta Nerina e Nibbio intermezzoak aurkeztu zituen. 1732. urtean Stigliano printzeak kapera maisu izendatu zuen Napolin, eta Lo frate ‘nnammorato opera bufoa eta meza bat (ziurrenez Meza fa-n) idatzi eta aurkeztu zituen. Biek arrakasta handia izan zuten. 1733. urtean, Il prigionier superbo opera antzeztu zen, baina ekitaldien arteko La serva padrona intermezzo komikoa izan zen egiazko arrakasta lortu zuena. 1734. urtean Napoliko ordeko kapera maisu izendatu zuten, eta maiatzean Erromara joan zen Meza fa-n zuzentzera. Ondoren idatzi zituen operek ez zuten arrakasta handirik lortu, eta 1736. urtean Napoli utzi eta Pozzuoliko kaputxinoen monasteriora jo zuen. Han idatzi zuen Stabat Mater famatua. Hogeita sei urte zituela hil zen Pozzuolin, behartsu eta tuberkulosiak jota. Pergolesik kantatak, kamerako musika, eta eliza musika ere idatzi zuen.
- perfume
- perfusio
- pergamino
- Pergamo
- pergola
- Pergolesi, Giovanni Battista
- pergut
- Peri Rossi, Cristina
- Peri, Jacopo
- periadenitis
- periadenoiditis