Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

pergamino

iz. Idazteko edo liburuak josteko prestatu den abere larrua, larru papera.  v  Pergaminoa K.a. II. mende inguruan asmatu zen; aurretik ere erabili zen larrua idazteko, baina orduan hasi ziren teknika eta trataera berriak erabiltzen, orriaren bi aldeetan idazten eta bildukinak egin beharrean pergaminozko kodizeak edo liburuak egiten. X. mendetik mendebalean papera erabiltzen hasi zen arte, XIV. mende ingurua arte, idazteko gehien erabili zen gaia izan zen. Pergaminoak egiteko ardi, ahuntz edo bigantxa larrua erabiltzen da batez ere; larrua urez bustitzen da eta gero karea ematen zaio ilea aska dadin eta ondoren garbitu, tenkatu eta leundu egiten da. Animalia jaio berrien larruz egindako pergamino leunei vellum izena eman ohi zaie; halakoak ziren antzinakoenak, baina geroago, eskaera handia zela eta, pergamino zabarragoak egiten hasi ziren. XII. mendean pergamino malgu leuna hasi zen erabiltzen berriro. Konstantinoplan purpuraz tindaturiko eta urrez eta zilarrez apaindutako pergaminoak egin ziren; ohitura hori Erdi Aroa arte gorde zen.  v Pergamino papera. Kolarik gabeko papera, kimika trataera berezia jasan ondoren pergaminoaren itxura eta ezaugarriak hartzen dituena. Lehenik, paperak diluitutako azido sulfurikoaren eragina jasaten du eta, ondoren, amoniako disoluzio batena.