Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Paulo, santua

Kristau Elizaren apostolua (Tarso, 10 inguruan - Erroma, 64 inguruan). Jatorrizko izena Saulo zuen eta lehenik Kristau Elizaren etsai handia bazen ere, bera izan zen erlijio berriak Mediterraneoan zehar hartu zuen hedaduraren eragile handienetariko bat. Itun Berriko Apostoluen eginak eta kristau komunitateei berak bidalitako Gutunak dira Pauloren bizitzaren eta egintzen berri ematen duten dokumentuak. Juduen lege estuan hezia izan zen –rabi izateko heziketa hartu zuen– eta ez zuen Jesus ezagutu. Jesusen dotrina fariseoen judaismoari eginiko traiziotzat hartzen zuen eta haren jarraitzaileei erasotzen zien. Behin Damaskorako bidean zihoala izandako ikuspenaren ondorioz kristautu zen eta jentilen apostolua izateko deia onartu zuen. Denbora batez Arabian eta Damaskon izan ondoren, Petri eta Joan apostoluekin hizketatu zen Jerusalemen. Bernaberekin Jerusalemen egindako bigarren egonaldian kristauen buruzagiek misioak egiteko erabakia hartu zuten. Gero, Antiokiatik irtenik, kristau komunitateak sortu zituen Asia Txikian eta Grezian zehar egindako hiru bidaietan. Bidaia haietako lagunak izan zituen: Bernabe, Marko deituriko Joan, Silas, Timoteo eta Tito. Jerusalemen atxilotu zuten eta bi urte Zesarean preso iragan ondoren K.o. 60an Erromara eraman zuten. Bertan epaitu eta hil zuten lepoa ezpataz mozturik. Pauloren eraginez, juduen legeak beharturiko zenbait eginkizun eta ohitura –hala nola zirkuntzisioa– ez ziren jentilentzat beharrezko egin; egitate honek kristautasuna munduan zehar hedatzen lagundu zuen.