Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Paris

Frantziako hiriburua eta ibai portua, errepublikaren ipar-erdialdean, Seine ibaiaren bi aldeetara hedatzen dena. 2.152.423 biztanle; 9.060.257 biztanle eta 2.118 km2 hirialdeak. Munduko laugarren hirialdea da biztanle kopuruari dagokionez, Tokio, New York City eta Londresko hirien atzetik.  v Hiriaren egitura. Seine ibaiak hiru alde nagusitan bereizten du hiriburuaren erdialdea. Ile de la Cité: Seine ibaiaren bi adarrek inguratzen dute; hiriaren jatorriaren muina izan zen eta administraziogune eta erlijio agintarien egoitza bihurtu zen gerora. Beste bi aldeak Seine ibaiaren eskuinaldea (rive droite) eta ezkerraldea (rive gauche) dira. Ezkerraldea Parisko kulturagunea da, eta eskuinaldea hiriburuko ekonomia ardatza. Arrondissements direlako 20 udal barrutitan banatua dago hiria, hirigunetik kanpoaldera kiribil baten arabera zenbatzen direnak. Arrondissement bakoitzak bere alkatetza eta ezaugarriak ditu, hiriaren inguruan sorturiko hiri txikiak baitira, denboraren poderioz eta, batez ere, hiri nagusiaren hazkuntza dela medio, hiriko auzo edo aldiri bihurtu direnak. 1960. urteaz geroztik bi demografia joera gertatzen ari dira, aldi berean, Parisko hirian: batetik aldirietako biztanle kopurua etengabe ari da hazten Europako hegoaldeko beste eskualdeetatik eta Afrikako iparraldetik joaten diren etorkinen ondorioz eta, bestetik, husten ari da erdialdea.  v Ekonomia. Frantziako administrazio, ekonomia eta kultura eremu nagusia da Paris. Industria oso garatua dago eta industria kimikoa, tresneria elektrikoa, automobilgintza, janari industria, ehungintza, zurgintza eta altzairugintza dira nagusiak. Aipagarria da, halaber, luxuzko produktuetan (bitxigintza, goi mailako ehungintza eta zurgintza) espezializatutako industria. Frantziako lehen finantzagune den aldetik, munduko banketxe eta finantza etxe nagusiak dira han. Turismoak ere garrantzi handia du hiriko ekonomian, milaka lagun hurbiltzen baita urtero bertako museo eta monumentu oparoak ikustera. Hiri barneko komunikabideei dagokienez burdinbide eta errepide sare zabal batek lotzen ditu Parisko erdialdea auzo nagusi eta aldiriekin. Nazioarteko hiru aireportu daude: Orly, Charles de Gaulle eta Le Bourget.  v Artea. Bi mila urtetik gorako historiak hiri ikusgarri bihurtu du Paris. Monumentuak ugariak dira; Seine ibaiaren ertzeko Notre-Dameko katedral ospetsua (XIII. m.), Étoile plazako (Charles de Gaulle) Garaipen Arkua, Champs Elysées-en bidez Concorde plazarekin eta Tuilleries-ko lorategiekin lotzen dena, Louvreko museoa, Eiffel dorrea (Nazioarteko Erakusketa zela eta, 1889. urtean eraiki zena) eta Georges Pompidou Kulturagune modernoa. Guztiz ospetsua da munduan Parisko unibertsitatea, 1257. urtean Quartier Latin auzoan, Seine ibaiaren ezkerraldean, sortu zen Sorbonnekoa barne. UNESCO erakundearen egoitza ere, beste askoren artean, Parisen dago.  v Historia. Paris, bidegurutze baten erdian dagoenez, merkataritza eta politika hiri guztiz garrantzitsua izan da antzinatik. Ile de la Cité izeneko uhartean sortu zuen hiria parisii leinu galiarrak, gerora hiriari izena emango zionak. Erromatar Inperioaren garaian hiria konkistatua izan zen eta Lutezia izena ezarri zioten. Hiria, garai hartan, Seine ibaiaren eskuinaldera, iparralderantz alegia, hedatu zen, baina III. mendean, barbaroen inbasioak hasi zirenean, Ile de la Cité-ra bildu zen berriro ere Luteziako defentsarako harresiak eraiki zituzten uhartearen inguruan. Ioen erresumako hiriburu egin zuen Klodoveok. Harrezkero hirian finkatu ziren gobernu iraunkorrek demografia eta ekonomia hazkundea erraztu zuten; Filipe Augustoren agintaldirako (1180-1223) hiri handi eta ikusgarri baten itxura zuen Parisek. XIV. mendeko izurri beltzak (1348-1349), ehun urteko gerrak (1337-1453) eta hango biztanleen etengabeko matxinadek arras murriztu zuten Parisko biztanle kopurua eta ekonomiaren gainbera eragin zuten, 1444. urtean Karlos VII.ak ingelesekin akordio bat sinatu zuen arte. 1528. urtean, Errenazimentuan, Loireko gaztelua utzi zuen Frantzisko I.ak eta Paris hartu zuen berriz errege-erreginen egoitzatzat; hura izan zen hiriaren hazkunde berrirako lehen urratsa. Parisen Erdi Aroko itxura aldatu zuten Errenazimentu garaiko jauregiak eraiki ziren garai hartan, hiriko aitonen seme eta burgesentzat eginak. Hala eta guztiz ere, erlijio gerrek eta ekonomia krisiak biztanleengan eragindako egonezinak erregeentzako hiri arriskutsu bihurtu zuten Paris, eta, ondorioz, Luis XIV.ak Versailles-a eraman zuen gortea. 1789. urtean hasi zen Frantziako Iraultzaren (1789) ondorioz hiriburuaren zentralismoa sendotu zen. XIX. mendean industrializazioarekin, lantegi berriak, burdinbideak eta gaueko argiteria ezarri ziren hirian. XIX. mendearen erdialdean Georges-Eugène Haussmann baroiak Paris modernoaren egitura moldatu zuen hiri berrikuntzarako plangintza aurkeztu eta gauzatu zuen. Bigarren Inperioko Parisko oparotasunaren (1855 eta 1867. urteko nazioarteko erakusketak) ondoren, krisia nagusitu zen Frantzia eta Prusiaren arteko gerragatik (1870). Komuna ezarri zen ondoren; garai hartan Tuilleries-ko jauregia erre zuten. XX. mendearen lehen erdia Munduko Bi Gerra handien baldintzapean gertatu zen: alemaniarrek hartu zuten 1940-1944 urteetan baina ez zioten kalte handi-handirik eragin. 60. urteetan deszentralizatzeko bestelako plangintza bati ekin zioten hiri hazkuntza izugarriak zekartzan arazoak bideratzearren. 1968. urtean Maiatzeko Iraultza izenaz ezagutzen den ikasle eta langileen matxinada gertatu zen.