Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Papua Ginea Berria

(Izen ofiziala, Papua Ginea Berriko Estatu Independentea; Ing., Independent State of Papua New Guinea). Ozeaniako estatua, Australiako ipar-ekialdean. 462.840 km2 eta 5.670.544 biztanle (2007, gineaberriarrak). Hiriburua: Port Moresby (254.158 biztanle, portmoresbiarrak). Hizkuntza: ingelesa (ofiziala), motua, tok pisina. Etniak: papuarrak % 84, melanesiarrak % 15. Erlijioa: protestanteak % 58,4; katolikoak % 32,8; anglikanoak % 5,4; sinesmen tradizionalak % 2,5. Dirua: kina.  v  Lurraldea. Papua Ginea Berria Indonesiako ekialdean dago, ekuatore lerroaren hegoaldean. Herrialdeak Ginea Berriko ekialdeko zatia hartzen du (mendebaldea Irian Jaya da, Indonesia), eta beste uharte txiki asko: Britainia Berria, Irlanda Berria eta Manus, Bismarck uhartedian; Bougainville, Buka eta Nissau, Salomon uharteen iparraldean; Louisiade eta Entrecasteaux uhartediak; eta Trobriand eta Woodlark uharteak, Ginea Berriko hego-ekialdean.  v  Orografia eta hidrografia. Papua Ginea Berriko estatua Ginea Berria uhartearen ekialdeko erdiak, Bismark uhartediak, Trobriand eta Woodlark uharteek, D’Entrecasteaux uharteek, Louisiade uhartediak eta Salomon uhartediaren iparraldeko Bougainville eta Buka uharteek osatua da. Ginea Berria uhartearen ekialdeko erdiak hartzen du Papua Ginea Berriako lurraldearen % 85. Lurralde menditsua da. Herrialdea erdialdetik eta alderik alde, ipar-mendebaletik hego-ekialdera, igarotzen duten mendikateek osatzen dute lurraldearen bizkarrezurra. Mendikate horietan (4.000 m-tik gorako mendiak daude. Bismark mendikateko Wilhelm mendia da garaiena: 4.509 m. Mendien alde banatara, iparraldean Sepik ibaiak eta hegoaldean Fly ibaiek ordoki zabalak eta padurak eratzen dituzte. Papuako beste ibai nagusiak Markham, Ramu eta Kikori dira. Gainerako uharte gehienak sumendi jatorrikoak dira, koralezko eraztun batez inguratuak.  v  Klima eta landaredia. Papuak klima beroa eta euritsua du, eta montzoi haizeen mende dago. Ipar-mendebaleko montzoia abendutik martxora izaten da eta hego-mendebalekoa maiatzetik urrira. Euriari dagokionez alde handia dago Papuako alderdi batzuetatik besteetara: 7.500 mm euri mendietan eta 1.000 mm Port Moresbyn, baina toki gehienetan 1.500 mm baino gehiagoko euria izaten da urtean zehar. Beroa ere handia izaten da urte guztian kostaldean eta ordokietan (27 °C) eta tenperatura askoz samurragoa da mendialdean (16 °C).  v  Oihanak Papua Ginea Berriko lurraldearen hiru laurdenak hartzen ditu. Kostaldean mangle zuhaiztiak hazten dira, eta ordokietan belardiak eta zingirak tartekatzen dira. Lurren % 1 baizik ez da laborantzarako erabilgarria.  v  Biztanleak. Papua Ginea Berrian 700 etnia baino gehiago bizi dira, bi multzo nagusitan bereizita: papuarrak eta melanesiarrak. Papuarrak dira gehienak (% 84), eta barnealdean bizi dira; melanesiarrak (% 15) berriz, itsasaldean eta inguruko uharteetan bizi dira. Horiez gainera badira polinesiarrak, australiarrak, txinatarrak eta europarrak ere. Hizkuntza ofiziala ingelesa da, baina Papua Ginea Berrian 700 hizkuntza baino gehiago dira ingelesa bera baino askoz gehiago erabiltzen direnak. Biztanleen erdiak tok pisin hizkuntza erabiltzen du, melanesiar pidgin bat; 150.000 inguruk berriz hiri motua, motu hizkuntzaren pidgina. Hiriburuaz gainera, Lae (80.655 biztanle), Madang (27.057 biztanle), Wewak (23.200 biztanle) eta Goroka (17.800 biztanle) dira hiri nagusiak. XX. mendearen bukaeran, alfabetatuak biztanleen % 72 ziren eta bizi itxaropena 57 urtekoa zen.  v  Ekonomia. Garapen bidean dagoen herri baten ezaugarriak ditu Papua Ginea Berriak. Nekazaritza gaien eta meen esportazioan oinarritzen da ekonomia. Nekazaritzak langileen erdia baino gehiago eta Nazio Produktu Gordinaren (NPG) laurden bat hartzen ditu. Papuako biztanleek, bizibidea ateratzeko, batata, bananak, taroa, palmondo mota bat eta, batez ere, patata lantzen dituzte. Esportatzeko lantzen diren gai nagusiak berriz kakaotzea, kafea, kokondoa (kopra ateratzeko), olio-palmondoa, tea eta kautxua dira. Basoaren ustiapena aurreratu gabe dago; zura esportatzen da. Arrantzak nolabaiteko garrantzia du: oskoldunak, atuna eta perka mota handi bat dira harrapakin nagusiak; perlak ere hartzen dira. Abere hazkuntza: zerriak eta behiak. Mea baliabideak kontuan hartzekoak dira, Bougainville uharteko kobre meak batez ere; urrea (Bulolo) eta zilarra ere ustiatzen dira (NPGren % 18). Petrolio eta gas hobi txikiak ere aurkitu dira. Argindarra lortzeko inportatutako petrolioaz eta, gero eta gehiago, ur-indarraz baliatzen dira. Industria hiri nagusietan dago bildua, aurreratu gabea da eta barne kontsumorako gaiak lantzera bideratua dago: janari industria, garagardogintza, tabakogintza, zerrategiak, porlangintza, pinturak, industriarako gasak eta itsasontziak. Merkataritza harreman gehienak Australia, Japonia, Alemania eta Hego Korearekin ditu Papuak: makinak, garraio tresneria eta ibilgailuak, erregaiak eta gai landuak inportatzen ditu.  v  Errepide sarea urria eta txarra da eta ez dago burdinbiderik. Lurraldearen egitura dela eta, aire eta itsaso bidezko garraioek garrantzi handia dute.  v  Gobernua eta gizartea. Papua Ginea Berria estatu burujabea da 1975az gero, Commonwealth erakundearen barruan. 1975eko konstituzioaren arabera Nazio Batzordeak du aginpide eragilea. Batzordearen burua Lehen Ministroa da, Legebiltzarreko alderdi nagusiaren burua izaten dena. Administrazioari dagokionez 19 probintziatan banatua dago.  v  Osasun egoera txarra da Papuan. Osasun arazo nagusiak arnas-bideetako eritasunak, gastroentiritisa, malaria eta elikadura urritasunaren ondorioz sortuak dira. Lehen eta bigarren mailako ikasketak dohain dira. 1980. urtean biztanleen % 42 zegoen alfabetatua. Irakasle eskolak eta bi unibertsitate daude Papuan. Neurri handi batean misiolariak eta elizak arduratzen dira osasunaz eta heziketaz.  v  Historia. Papua Ginea Berriko lurraldean melanasiarrak bizi izan dira K.a. bizpahiru mila urtez geroztik. Oihan trinko batean sakabanatuta bizi izan dira, kanpotik erabat bakartuta. Biztanleen heren bat mendietan bizi da; 1930 arte ez zituzten europarrak ezagutu, ezta gurpila edota metalezko tresnak ere. Papua Ginea Berria, beraz, harri arotik plastiko arora igaro zen denbora bitarte labur-labur batean. Egun, berritu ezin diren balibideen (kobrea, urrea, petrolioa eta zur gogorrak) ustiapenak eragin duen «boom» ekonomikoari aurre egin behar diote. Egungo estatua Papua eta Ginea Berriko lurraldeen batasunetik sortu zen, 1964 eta 1975 bitartean. Papua Britainia Handiaren babes herria izan zen, Australiaren administraziopean 1906tik aurrera. Ginea Berria, berriz, Alemaniaren kolonia izan zen Lehen Mundu Gerra arte, eta Nazio Batuen aginduz Australiaren administraziopean geratu zen handik aurrera. Autogobernua lortzeko prozesua 1964an hasi zen eta 1975ean burutu, independentziaren adierazpenarekin. Urte horretan bertan, Bougainvilleko uhartea estatu berritik banatzen ahalegindu zen. Uharte aberatsa da urre eta kobre hobietan, eta hango biztanleak Salomon uharteetik hurbilago daude etniari dagokionez. Australiak eragin handia du oraindik ere estatu berrian: inbertsio handiak egiten ditu enpresak sustatzen, eta laguntza militarra eta ekonomikoa eskaintzen du. Indarrean dagoen gobernu sistema parlamentarioa da. Alderdi politikoak pertsona ezagunen inguruan antolatzen dira –pertsona horren inguruko herritarren laguntzarekin–, desberdintasun ideologikoen arabera baino gehiago. Egoera politikoa ezin dela oso orekatua izan pentsa badaiteke ere, besteak baino askoz ahaltsuagoa den talderik ez egoteak kontsentsua bilatzera bultzatzen du gobernua. Papua Ginea Berriak lotura estuak ditu Australiarekin, eta, aldi berean, Ozeano Bareko hegoaldeko estatuen buruzagitza duela esan daiteke. 1979an bere gudarostea bidali zuen Espiritu Santuko uhartera (Vanuatuko Errepublika), Jemyy Stevens-ek –Frantziako agintarien eta Estatu Batuetako interes ekonomikoen babesarekin– bultzatu zuen banakuntza saioa zapuztera. 1988ko maiatzean, Papua Ginea Berriak, Vanuatuk eta Salomon uharteek melanesiarren tradizio kulturalak babesteko ituna egin zuten. Gainera, Kanakyren independentzia bultzatu zuten. Papua Ginea Berriaren eta Indonesiaren arteko harremanak ez dira oso onak. Iran Jaya (Indonesia) probintzian Papua Askea higikunde independentista aritzen da. 1984an, Indonesiako gobernuak bultzatu zituen operazio militarren erdian, probintzia hartako 12 mila biztanlek Papua Ginea Berrian hartu zuten babesa. Lan merkatua Australiakoaren antzekoa da, hiru urtez behin negoziatzen diren gutxieneko soldatekin. Bertako herriak lurraren % 98ren jabe dira; haien ekonomia kanpora zabaltzen ari da gero eta gehiago, eta baliabide naturalen ustiapena ingurumenaren hondamena eragiten ari da. Biztanleen bi heren baino gehiago norberaren bizibiderako nekazaritzatik bizi den artean, meategietako langileek (% 0,3) esportazioen balioaren % 66 sortzen dute. Bougainville eta Ok Tedi-ko meatokiak munduko kobre hobi handienak dira (Ok Tedin, kobreaz gainera urrea ateratzen da). Porgerako urre meatokia 1990ean zabaldu zen, eta munduko handiena izango da, Hegoafrikakoen ondoren; Lihir uhartean dagoen beste bat are handiagoa izan daitekeela uste da. Transnazionalek ustiatzen dituzte meatokiak. Petrolio erreserba handiak ere aurkitu dira, baina olioduktua egin behar da haiek ustiatzen hasi baino lehen. 1989an, Papua Ginea Berriak loturak estutu zituen Asiako hego-ekialdeko herrialdeekin, elkarlaguntzarako itunak eginez, eta Malaysiarekin negoziazio elkarrizketak hasiz. Aldi berean, Moresbyn Sobietar Batasunaren enbaxada zabaltzeko baimena eman zuen. Abenduan, Mikronesiako Estatuen Federazioarekin itsasoaren erabilerari buruzko itun bat egin zuen. Herrialdeko zenbait tokitan, biztanleek –nekazariak gehienak– aurre egin diote gobernuari meatokiak zabaltzeagatik, meen ustiapenak nekazaritzan eta ingurumenean eragiten dituen ondorio kaltegarriak direla-eta. Gobernuak Bougainville-ko uharteari boikota egitea eta talde separatistak zapaltzea agindu zuen. Bougainvilleren askatasunaren aldeko Gudaroste Iraultzailearen buruak, Francis Ona-k, uhartearen independentzia aldarrikatu zuen, eta munduko herrialdeen onarpena lortzen ahalegindu zen. Gobernuak gudarosteak bidali zituen uhartera. Borrokan 1.500 lagun baino gehiago hil ondoren, 1991ko abuztuan, Legebiltzarrak zigor heriotza berriro ezar zedin eskatu zuen. 1992ko uztailean, Lehen Ministro Palas Wingti-k ustelkeriaren aurkako borroka hasi zuen; zenbait gobernadorek dimisioa eman behar izan zuten. Ekainean, Lehen Ministro ohia –Namalia– eta bere finantza ministro ohia –Paul Pora– auzitara eraman zituzten ustelkeriaz akusaturik. Halaber, Wingtik atzerritar kapitala duten enpresa mistoetan nazioaren parte hartzea handitzea proposatu zuen; proposamen horrek Porgerako urre meategiaren % 90 kontrolatzen duen ingeles-australiar-kanadar partzuergoaren erreakzioa eragin zuen. 1993an, Lehen Ministroa Pangunako kobre meategia (Bougainville) zabaltzen saiatu zen berriro, uhartearen burujabetasunaren aldeko eta aurkakoen arteko gatazka hasi zenetik itxita egon baitzen, baina meatokia Francis Onaren Gudaroste Iraultzaileak hartutako eremuan zegoen oraindik. 1994ko abuztuan, Julius Chan-ek hartu zuen Wingtiren lekua. Urte horretan bertan, gobernuak Bougainvilleko kobre meatokia konkistatu zuen berriro, baina Porgerako urre meatokian leherketa handi bat izan zen, eta bertan behera utzi ziren lanak kobre meatokian ere. Chanek oso gogor kritikatu zituen Frantzia Ozeano Barean egiten ari zen saio nuklearrak. Bigarren saioaren ondoren –1995eko urrian–, Papua Ginea Berriko Lehen Ministroak eten egin zituen Frantziaren eta South Pacific Forum-aren arteko elkarrizketak, erakunde horretako lehendakari zen aldetik. 1996ko urrian, Theodore Miriung hil zuten –Bougainvilleko uharteko behin behineko agintaria, bake hitzarmena egitearen aldekoa–, eta uharteko gatazkak okerrera egin zuen. Lehen Ministroa indar separatistei aurre egiteko nazioarteko mertzenarioak kontratatzeaz akusatu zuten, eta haren dimisioa eskatu zuten. 1997ko martxoan, eta Legebiltzarraren babesa izan arren, Lehen Ministroak bere karguaren dimisioa eman zuen. Handik aste gutxira, Bill Skate izendatu zuen haren ordez. 1997ko uztailean, sezesionistak eta gobernuak Bougainvilleko gatazkari amaiera eman zioten: su etena, uhartearen desmilitarizazioa eta Nazio Batuen Erakundeko bake gudarosteak bidaltzea hitz hartu zuten. Australiak Bougainville berreraikitzeko diru laguntza agindu zuen. 1997ko bukaeran, gobernuak berriro zabaldu zituen Bougainvilleko meatokiak. Beste zenbait tokitan, lehorteak sute handiak eragin zituen eta kafearen produkzioa kaltetu zuen. 1998ko otsailean, baso lanean ziharduten hamahiru enpresek ateak itxi zituzten, Asiako hego-ekialdeko beste herrialde batzuetan 1997an sortu zen burtsa eta finantza krisiaren ondorioz; 4.000 lanpostu inguru galdu ziren. 1999an Bill Skate Lehen Ministroa zentsuratu zuen Parlamentuak, hark Taiwani 2.500 milioi dolarreko maileguak eskatzea erabaki zuelako. Haren ordez Mekele Morauta jarri zen, eta ahaleginak egin zituen Munduko Bankuaren eta NDFaren maileguak lortzeko; horrek, ordea, arazoak sortu zituen Papuaren eta Txinaren artean. 2002ko hauteskundeak garrantzi handikoak izan ziren, hura baitzen agintaldia osatzen zen lehenengo aldia. Michael Somare iritsi zen agintera, eta horrela, hirugarren aldiz izan zen Lehen Ministro. Morautaren gobernuak hasitako pribatizazio programa geldiaraztea izan zen haren lehenengo erabakia. 2005eko eta 2007ko hauteskundeetan Joseph Kabui irten zen garaile, baina bihotzekoak eman eta 2008ko ekainean hil zen.
http://www.pngtourism.org.pg/